Bizilagunak

Arabako ehunka bizilagun bilduko dira azaroaren 20an, kulturarteko bazkarietan

Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 11:00

Azaroaren 20an, igandean, Bizilagunak ekimena itzuliko da Arabako herrietara, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak isilarazteko bazkariekin. Izena emateko epea martxan da, azaroaren 6ra arte.

2020eko etenaldi pandemikoaren ostean, 2021ean kulturarteko bazkariak antolatzeari berrekin zion Bizilagunak egitasmoak. Aurten, berriz ere, kulturarteko bizikidetzan murgilduko dira Arabako etxe eta txokoak azaroaren 22an, igandean. Jatorri kultural ezberdineko familiak mahai beraren inguruan eseriko dira, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak isilarazteko asmoz.

Aldundiak eta ZEHAR-Errefuxiatuekin GKEak duela sei urte abiarazi zuten Bizilagunak ekimena, 2016. urtean, lurraldeko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren esparruan, atzerritarrekin lotutako zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko.

2019ko edizioak 44 nazionalitateko mila lagun baino gehiago bildu zituen Araban, 2019an; Euskal Herri osoan egin ziren bazkarietan, berriz, 58 nazionalitateko 2.500 lagun baino gehiago izan ziren.

"Elkartzeko beharrean sinesten dugu. Zenbat eta jende anitz gehiago ezagutu, orduan eta gaitasun handiagoa dugu beste pertsonekin harremanak izateko orduan eta estereotipoak zein aurreiritziak alde batera uzteko. Eta horrela, pixkanaka, denok partaide sentitzen garen bizikidetza bat eraikitzea. Horregatik, familia ezberdinek elkarrekin elkartzea nahi dugu, bizilagunen arteko topaketa erraztea", azaldu dute ZEHAReko lagunek.

Parte hartu nahi duten familia, bikote edo lagun taldeek izena emateko aukera dute formulario honen bitartez, azaroaren 6ra arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide