Gasteiz, Foronda eta Loiu lotzeko bederatzi autobus izango dira egunero

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 17:00

Gasteiz-Loiu linearen lehen zerbitzua 04:45ean izango da. / Argazkia: AUTOBUSES LA UNION

2024tik aurrera, autobus linea berri batek Gasteizko erdigunea lotuko du Foronda eta Loiuko aireportuekin. Goya gasolindegi zaharretik aterako da, eta udako hilabeteetan hamahiru zerbitzu emango ditu egunero.

Gasteiz Bilbo eta haren metropoliarekin lotzeko urrats garrantzitsua eman dute astelehen honetan Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek. Izan ere, Carlos Ibarlucea Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatuak eta Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren diputatuak autobus lineen emakida bateratuaren aurreproiektuaren ardatzak aurkeztu dituzte.

Jendaurreko informazioaren izapdidearen ostean, 2023ko udaberrian proiektua behin betiko onestea eta lizitatzea espero dute, 2024an martxan jartzeko. Zerbitzu berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu, besteak beste: autobus erosoagoak, seguruagoak eta irisgarriagoak, ordutegi zabalagoak, prezio merkeagoak BAT, BARIK eta MUGI txartelekin (%20ko deskontua) eta ohiko bidaiarientzako hileko, hiruhilabeteko eta urteko bonuak (%25eko gutxieneko deskontuarekin; %30ekoa 26 urtera arteko gazteentzat).

Gaur egun zazpi linea izatetik (azken emakida 1987koa da) sei izatera igaroko da: Murgiatik doan Bilbo-Gasteiz linea desagertuko da, bidaiari kopuru txikia duelako, baina autobidetik doan linea Murgia eta Ametzagan izango du geralekua (egunean bi eta lau bidaia artean noranzko bakoitzeko); Gasteiz-Foronda-Loiu linea berria gehituko da; eta beste bostak Bilbo-Otxandio-Gasteiz, Bilbo-Ubide-Gasteiz, Bilbo-Gasteiz (autobidetik), Gasteiz-EHU, Ezkerraldea-Gasteiz eta Eskuinaldea-Gasteiz lineak berrantolatzetik sortuko dira. Horrela, "linea gutxiago, baina zerbitzu hobea" eskaintzeko helburua agertu dute aldundiek.

Gasteiz-Foronda-Loiu

Emakida berriaren nobedade nagusia Gasteizko erdigunea Foronda eta Loiuko aireportuekin lotuko duen linea erregular berri bat izango da. Uztailean eta abuztuan, noranzko bakoitzeko hamahiru zerbitzu emango ditu; irailetik ekainera bitartean, berriz, bederatzi zerbitzu izango dira. Gasteizen, Cadena y Eleta kaleko Goya gasolindegi zaharretik irtengo da, hiriguneko hotelei zerbitzua emateko, eta, ondoren, Gasteizko autobus geltokitik, Forondako aireportutik eta Boluetako metro geltokitik (Bilbon) igaroko da, Loiuko aireportura joan aurretik. Ibilbide gehiena Arabatik igaroko denez, Arabako Foru Aldundiak izango du linea berriaren gaineko titulartasuna eta eskumena.

Gasteiztik Loiura doan linearen kasuan, lehen zerbitzua 04:45ean eta azkena 21:45ean izango dira. Gasteizera doan lehen eta azken zerbitzua, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira. Linea horrek deskonturik gabeko tarifa finko berezia izango du, bere berezitasunagatik, baina BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango da; aurreproiektuak jasotzen duenaren arabera, prezioa 15 eurokoa izango da.

Ordutegi zabalagoak

Gainera, autobidetik doan A3714 Bilbo-Gasteiz linea dela eta, zerbitzuak eskainiko dira eguneko azken orduetan: 23:00etan Gasteizko noranzkoan, astelehenetik ostegunera; 23:00etan eta 00:00etan Gasteizko noranzkoan eta 23:30ean Bilborako noranzkoan, ostiral eta larunbatetan; eta 23:00etan bi noranzkoetan, igande eta jaiegunetan.

Guztira, lanegunetan batez beste 29 bidaia egingo dira noranzko bakoitzeko, eta 20 bidaia asteburu zein jaiegunetan. Kopuru hori udan handituko da, 32 bidaira arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago