Bost urte pasa dira dagoeneko Korresen Behatokizki behatoki astronomikoa martxan jarri zutenetik. 2017ko uztailean ezagutarazi zuen Arabako Aldundiak akordioa lortua zuela Arraia-Maeztuko Udalarekin eta La Otra Mitad astronomia elkartearekin bertan behatoki txiki bat kokatzeko. Izkiko parke naturalean ohikoak diren zeru gardenaz eta argi kutsadura urriaz baliatu nahi izan ziren taxuzko behaketak burutu ahal izateko. Akordioaren berri eman eta gutxira, urte horretako irailean bertan, hasi zituzten lehen behaketak.
Urte hauetan zehar, hainbat garapen garrantzitsu izan dituzte. Kasurako, 2019ko udan urruneko behaketak egiten hasteko moduan izan ziren, zuntz optikoa Korresera iritsi zela aprobetxatuz, eta 2020an all sky motako kamera jarri zuten, ortziaren panorama osoa ikusi ahal izateko.
Aparteko interesa
Ibilbidea ospatzeko, hil honen lehen egunean bilkura berezia egin zuten. Oraingoan, teleskopioez gain, urtebetetze tarta eta patata tortillak ere gehitu zizkioten ekipoari.
"Izugarri polita izan zen, aspaldiko partez, eguraldiak ere lagundu zuelako, Ilargia behatzeko nazioarteko egunean bertan", azaldu du La Otra Mitad elkarteko kide Julio Correderak. "Hasteko, Mikel Martinezek hitzaldi batean eman zituen proiektuaren nondik norakoen berri, eta aretoa txiki geratu zitzaigun". Bertan ere Martinezek azaldu zuen argi kutsadura gutxitzeko egin zen proiektu bati esker arazoa asko txikitu dela.
Begiratzeko txandaren zain, jendearen zalantza astronomikoak asetzeko aprobetxatu zuten. Ilargiaz gain, Jupiter eta Saturno ere behatu zituzten. "Hori beti arrakasta ziurra da, arras magikoa delako eraztunak zuzenean ikustea". Gainera, Elh Malicken zuzeneko musikarekin atondu zuten behaketa. "Abeslari senegaldarrak duen ahots goxo horrek giro aparta sortu zuen".
Correderak aurretik alde egin behar izan zuen, gaueko lan txandara, baina jakin badaki gainerako kideek ederki amaitu zutela gaua, herrian hain ezaguna den Txasko tabernariaren patata tortilla horietako batzuekin.