Irailaren amaieran, Xixongo El Duque Jatetxean (Asturias) banatu ziren Galako Sagardoen Nazioarteko XII. Azokaren sariak. Guztira, 21 herrialdetako 71 sagardotegik hartu zuten parte, askotariko 230 sagardorekin. Produktu onenen artean, 13 premium kalifikazio (kategoria bakoitzeko onenak), 14 urre, 15 zilar eta 28 brontze banatu dituzte.
Manuel G. Busto aditua buru duen eta Asturies XXI Fundazioak izendatutako talde batek —eta, bide batez, sagardotegi parte-hartzaile bakoitzeko ordezkari banarekin— osatutako epaimahaiak hiru sari eman dizkie Iturrieta eta Kuartango Arabako sagardotegiei. Sagardotegi bakoitzeko jabe Juanjo eta Benito Peciña anai sagardogileek jaso dituzte aitortzak, hurrenez hurren.
Aramaioko Iturrieta Sagardotegiari dagokionez, Sagezti sagardoak premium kalifikazioa lortu du zaporedun sagardoen kategorian. Halaber, sagardo gama berri honetan Iturrietarekin lankidetzan aritu den Ola sagardotegiko (Irun) Sagezti ardoak brontzea lortu du kategoria berean.
Bestalde, Kuartango Sagardotegiak bi aitortza jaso ditu: suzko sagardoen atalean, Su Sagardoak premium kalifikazioa lortu du; eta lupuluarekin egindako sagardoen kategorian, berriz, zilarra jaso du Callabocas sagardoak.
Sagezti, sagarra eta eztia
Sagarra landatzen den lurretan, ohikoa da polinizazioan modu naturalean laguntzen duten erleen abaraskak aurkitzea. "Ez litzateke sagardo naturalik egongo sagar ekoizleen lanik gabe, ezta erleen polinizazioaren jarduerarik gabe", azaldu du Juanjo Peciña Iturrieta Sagardotegiko jabeak.
Hain zuzen ere, biodibertsitatearen zirkulu hori ixteko xedearekin, Sagezti proiektua jarri zuten abian Aramaioko sagardotegian, sagardo naturalaren elaborazio prozesuan eztia txertatuz. Lankidetza proiektu bat izan zen, gainera, Iparragirre eta Ola sagardotegiekin batera martxan jarritakoa. Juan Zuriarrain enologoak eta Leartiker zentro tekonologikoak ere parte hartu zuten.
Horrez gain, "egungo kontsumitzaileak produktu eta aurkezpen berrien kontsumoarekiko duen interesari" erantzun nahi izan zioten. Horrela, 2021eko kanpainan, sagarra eta eztia zuten lau edari definitu eta garatu zituzten, pilotu gisa, Leartikerren instalazio eta upeltegietan:
- Sageztia, eztiarekin aromatizatutako sagardoa.
- Sagezti ardoa, 11 graduko alkoholdun sagar-ardoa.
- Sagezti aparduna, izenak dioen bezala, aparra duen sagardoa.
- Sagezti txiki, eztiarekin aromatizatutako sagardoa, botiletan aurkeztua.
"Sagar-muztioa eta eztia hartziduran txertatzearen emaitza gisa, gama berritzaile bat lortu dugu, eztia balioesten duten kalitate sentsorialeko edari alkoholdunak", azpimarratu dute. Xixonen saritutakoak produktu mota berriaren lehen prototipoak izan dira: "Ekitaldia aparteko agertoki bilakatu zen lantaldeak proiektua aurkeztu ahal izateko, eta publikoak interes handia erakutsi zuen produktuekiko", ospatu dute.
Orain, definizio eta garatze fasea arrakastaz gaindituta, produktu barietate horien ekoizpen komertzialari ekitea izango da hurrengo mugarria. Datozen hilabeteetan egingo dute hori, gutxienez 2023ko abendura arte.
Su Sagardoa
Bestalde, suzko sagardoen artean premium kalifikazioa jaso du Kuartango Sagardotegiaren proposamenak, Su Sagardoak. 500 mililitro eta 10 graduko formatuan aurkeztuta, 10 kilo sagar behar dira ekoizteko. Sagar-zukuari beroa aplikatuz eta ura lurruntzen utziz lortzen da, hasierako likidoaren %20 baino gutxiago geratzen den arte; likido hori legamiekin hartzitzen da. Ondoren, hartzidura gelditzen da, hondar-azukrearen 80 gramo utzita.
Azidotasunaren eta gozotasunaren arteko oreka handia du, asetzen du, baina puztu gabe. Aroma-kontzentrazio handia du, askotariko ukituekin: intxaurrak, sagar errea, karamelua, eztia, orejoiak eta laranja konfitatuaren oskola. Oso egokia da foieak, gaztak, postreak (esnekiak batez ere), izozkiak eta krematsuak laguntzeko. Aperitibo gisa balio du, baina baita koktelgintzarako oinarri gisa ere.