Adinekoen artean suizidioa prebenitzeko gida argitaratu dute

Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 17:04
Jon Armentia zinegotziak eta Ana Borge Sirimiri enpresako arduradunak aurkeztu dute. / Gasteizko Udala

Bizan sareak argitaratu du, edadekoen artean jokabide suizidak detektatzeko

Bizan sareak suizidioak prebenitzeko gida aurkeztu du, edadekoen artean jokabide suizidak detektatzeko eta horien artean nola erantzun jakiteko. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ohartarazi duenez, suizidioa kasu gehienetan prebeni daitekeen arazoa da eta horri aurre egitea lehentasunezkoa da. Adinekoen kasuan, jokabide suizidak igo egiten dira 70 urtetik aurrera, eta intzidentzia bikoitza da gizonezkoen artean emakumezkoekin alderatuta.

Egoera horren aurrean, eta Bizan sareko profesional batzuek erabiltzaileen artean suizidio-gertaerak bizi izan ostean, arazo hori lantzeko eta profesionalentzat lagungarri izango litzatekeen gida bat prestatzea erabaki zuten. “Suizidioa gai tabua da eta estigma sortzen du. Hori jasaten dutenek ez dute laguntzarik eskatu nahi izaten eta haien ingurukoek, aldiz, ez dute ikusten egoera edo ez dute ikusi nahi izaten. Hori dela eta, Bizan sarea osatzen dugunok arazoaz hitz egitea eta hori prebenitzeko jarduerak martxan jartzea erabaki dugu”, azaldu du Jon Armentia gizarte gaietarako zinegotziak.

Gidak suizidioarekin lotutako berehalako arriskua erakusten duten alarma-seinaleak identifikatzen erakusten du: isolamendurako joera edo heriotzarekiko ezohiko interesa dira horietako batzuk, adibidez. Egoera horien aurrean ere nola jardun behar den jartzen du. Horrekin lotuta, Udaleko gizarte-zerbitzuetako zinegotziaren arabera, garrantzitsua da "pertsona horri entzutea, axola digula erakustea eta behar bezala hitz egitea, epaitu edo kritikatu gabe, eta laguntza emozionala eskaintzea eta laguntza profesionala bilatzea".

Argitalpenak, gainera, ideia suizidak dituen pertsonarengana gerturatzeko urratsak eskaintzen ditu, bere erabakien maila zein den edo zer unetan dagoen jakin ahal izateko. Bestalde, beste atal batean doluaren aurreko esku-hartzea eta bizirik jarraitzen duten pertsonei (suizidatu den pertsonaren senideak eta lagunak) eman beharreko laguntza daude jasota.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide