Babestu maite duzun mendia protesta dinamikaren barruan Arabako Mendiak Aske plataformak aurten antolatutako laugarren martxa Cantoblanco mendira (1.006 metro) egin zuten dozenaka lagunek larunbatean, irailaren 24an.
Joan-etorriko bi ibilbide izan zituzten aukeran protestarekin bat egin zutenek, 10:00etan: Gesaltza Añanako herriko plazatik, 10 kilometro eta 500 metroko desnibelarekin; eta, ordu berean, Axkoetatik, 8 kilometro eta 380 metroko desnibela ibiltzeko. Bi taldeek 11:30ean bat egin zuten tontorrean, eta bertan ekitaldia egin zuten, Mendiak ez daude salgai! Berriztagarriak bai, baina horrela ez! lelopean.
"Hamarkadetan zehar atzerritik erregai fosil eta kutsakorren mendekotasuna sustatu eta ahalbidetu dituzten agintariek orain trantsizio energetiko, itxuraz berde eta berriztagarria, express egitera bultzatzen gaituzte", salatu dute. "Ondo baino hobeto dakite ezinezkoa dela zentral eoliko bat hemen egitea, Cantoblancon, 200 metroko altuera dauzkaten aerosorgailuekin, hainbat animalien habitata suntsitu gabe, Eusko Jaularitzaren Ingurugiro eta Antolamendu Saila berak 2005ko Korridore ekologikoen sarea txostenean jasotzen duen bezala".
Euskal Haizieren proiektua
Kritikatu dutenez, horrelako zentral eoliko batek "ondorio larriak" ekarriko lizkieke inguruko herriei: "Behin betiko paisaiaren eraldatzea, ibilgailu astunen etengabeko joan etorriak zentrala eraikitzeko, edo burdinezko erraldoi hauek sortuko luketen kutsadura akustikoa, adibide batzuk baino ez dira".
Horrez gain, proiektuak "zenbait familien kalte ekonomikoa" eragingo luke, Mendiak Aske plataformaren arabera; besteak beste, Añanako Gatz Haranean, kanpinetan, nekazal etxeetan edo jatetxeetan, "ezingo litzatekeelako paisaia, bakea eta isiltasuna eskaini".
2010ean, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia Cantoblancon zentral eoliko bat eraikitzearen kontra agertu ziren, "ondorio larriak" eta "erabateko gaitzespena" argudiatuta. Orain, Euskal Haizie sozietatearen proiektuak aurrera egin dezake, eta Arabako Mendiak Askek kritikatu du "Tapia Legearen" bidez Jaurlaritzak "enpresa pribatuen proiektuen inposizioa gauzatu eta lurralde antolamendua hankaz gora jarri" nahi duela, "tokian tokiko udalak aurka agertu arren".
"Cantoblancoko kasuan, mendiaren industrializazioa Eukal Haizie enpresa sortu berriak gauzatuko luke, Pedro Victor Barriuso Otaola buru duen enpresak, Iberdrolako zuzendaritzako kidea eta Gaztela Leongo ustelkeria eolikoaren kasuan auzipetua", ohartarazi du plataformak.
"Etorkizunean, esparru naturalen, pertsonen eta herrien bizitza arriskuan jartzen dituzten honelako proiektu basati eta suntsitzaileen kudeaketa publikoa edo pribatua izango ote den egungo eztabaidaren gainetik, inoiz baino gehiago gure borondatea eta hitza errespetatuak izan daitezen borrokan jarraitu behar dugu", gaineratu dute.