Sansoheta auzia

Tutoretzapeko adingabeei egindako sexu erasoak onartu dituzte hiru akusatuk

Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 12:30

Sansoheta zentroa, Gasteizko kanpoaldean; gaur egun itxita. / Argazkia: GOOGLE MAPS

Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabeen galbideratzea eta sexu erasoak egotzita, Sansoheta auziko hamar akusatuetako hiruk akordioa egin dute Fiskaltzarekin, urtebeteko, 13 urteko eta 7 urteko zigorrak onartuz.

2016an abian jarritako Sansoheta auziaren epaiketa hasi da astelehen honetan. Hamar akusatu eseri dira Arabako Probintzia Auzitegian, Sansohetako zentroko tutoretzapeko adingabeen galbideratzea eta sexu abusu jarraituak egotzita. Gutxienez, zentroko zazpi adingabe izan ziren prostituzioaren biktimak; gaur egun, denak adin nagusikoak dira.

Akusatuetako hiruk akordioa erdietsi dute Fiskaltzarekin eta akusazioekin, gertakariak onartuz, biktimei, senideei eta gizarteari barkamena eskatuz, delituak ez errepikatzeko hitzemanez, eta 1.000 euroko kalte-ordainak ordainduz. Akusatu horiek onartu egin dute adingabeen sexu zerbitzuak kontratatu zituztela, diruaren edo drogen truke.

Hiru akusatu horiei honako zigor hauek ezarri dizkie epaitegiak: urtebete eta egun bateko espetxealdia; 13 urte eta lau egunekoa; eta zazpi urte eta bi egunekoa. Lehenengo biak espetxean daude jada, beste delitu batzuengatik. Gainera, epaitegiak biktimekiko 200 metroko urruntze agindua ezarri die hirurei, baita adingabeekin harremana izatea dakarren edozein lanposturako inhabilitazioa.

Gainera, laugarren akusatu batek ere aurreakordio bat lortu du; aste honetan zehar akordioa gauzatzea eta onartutako zigorra ezagutzea espero da. Beste sei akusatuek beren errugabetasuna frogatzen saiatuko dira, argudiatuz, besteak beste, ez zekitela biktimak adingabeak zirela.

Epaiketa urriaren 3ra arte luzatuko da: astelehenean eta asteartean, akusatuen deklarazioak entzungo dira; asteazkenean eta ostegunean, biktimen txanda izango da; ostiralean, Ertzaintzaren agenteek deklaratuko dute; eta azkenik, astelehenean, azken txostenekin amaituko da epaiketa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide