Egoitza pribatuetako langileak grebara itzuliko dira irailaren 28an

Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 18:24
Arabako egoitza pribatuetako langileen mobilizazio bat. / ALEA

ELA eta LAB sindikatuek beste greba egun bat deitu dute Arabako adinekoen egoitza pribatuetan, hitzarmenaren negoziazioen "blokeoari" aurre egiteko. Irailaren 28an, lanuzteez gain, manifestazioa egingo dute, 11:00etan Albertia Campus egoitzatik abiatuta.

"Negoziazioa blokeatuta dago otsailetik", ohartarazi dute. Izan ere, orduan negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zuten sektoreko bi sindikatu nagusiek, "patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin" ziola iritzita. Izan ere, patronalaren azken proposamenak ez zituen asebete: 2026rako 1.200 euroko soldata (KPIren %16ko karga metatuarekin azken bi urteetan), 1.742 ordu lan eginez.

Blokeo horren ostean, uztailean, Aldundiak bilera batera deitu zituen bi aldeak, sindikatuak eta enpresak, negoziazioaren egungo egoera azaltzeko. "Enpresek konpromisoa hartu zuten negoziazio mahai berri baterako deialdia lehenbailehen egiteko, eta beste proposamen ekonomiko bat bidaltzeko. Oraindik ez dugu berririk, eta horrek erakusten du patronalaren aldez aurretiko jarrera ez dela egokia", salatu dute sindikatuek.

"Ez gaude prest jarrera pasibo hori onartzeko, oso eroso sentitzen baitira. Hiru urte kalean, asteazkenero, behar izan genituen negoziazio mahaia lortzeko, egoitza pribatuetako lehen hitzarmen probintziala negoziatzeko; beraz, ez gara geldituko mahaia berpiztu arte, negoziatzen jarraitu arte eta egoitzetako langileak behin betiko duindu arte, kosta ahala kosta", gaineratu dute.

"Nahikoa da lan munduko sektore prekarioeneko langileak alde batera uzteaz, eta aski da gure adinekoak zaintzen dituzten langileen baldintzak gutxiesteaz", aldarrikatu dute. "Bada garaia gure lankideek egiten duten funtsezko zainketa lanak benetan balioesteko, eta ez txaloen bidez, baizik eta gure adinekoak zaintzeko baldintza eskasak behin betiko duinduz".

Horregatik guztiagatik, greba eguna deitu dute berriz ere irailaren 28rako, datorren asteazkenerako. Horrez gain, hainbat dinamika, mobilizazio eta greba egun iragarri dituzte datozen hilabeteetarako, "enpresen negoziatzeko jarrera eskasa izaten jarraitzen badu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide