Lazarraga Sariek euskara sustatzen duten enpresak sarituko dituzte

Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 12:30
Rober Gutierrez (Bai Euskarari) eta Lexuri Ugarte (Euskara zuzendaria). / Argazkia: AFA

Esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen duten enpresak saritzeko antolatzen diren Lazarraga Sariak azaroaren 24an banatuko dira. Hautagaitzak urriaren 24ra arte aurkeztu daitezke.

Zazpigarren ediziora iritsiko dira aurten Lazarraga Sariak, Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari elkarteak Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko lana saritzea helburu duten sariak. Azaroaren 24an banatuko dira Gasteizko Artium Museoan, eta xehetasun guztien berri eman dute gaur Lexuri Ugarte Euskararen foru zuzendariak eta Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak.

Biek balioa eman diote "erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lanari, eta, gainera, sail ezberdinen bitartez tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtzeko egiten duten esfortzuari". Hain zuzen ere, ahalegin hori aitortu eta saritzeko bost sari emango zaizkie Arabako erakunde edo pertsona fisikoei, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik eta ekimenengatik.

Euskaraz idazteko orduan aitzindari izandako Juan Perez Lazarragaren izena daramaten Lazarraga Sariak Arabako enpresa munduan euskararen erabilera zabaldu nahi duen Lanabes-Araban Euskara Lanean ekimenaren parte dira.

"Arabak gizarte aurreratua, modernoa eta euskaraz bizi eta lan egingo duena izatea" lortu nahi du Bai Euskarari elkarteak, Gutierrezek berak azaldu duenez.

Bost sari banatuko zaizkie erakunde zein pertsona fisikoei, eta epaimahaiak honako aldagaiak hartuko ditu kontuan:

  • Zerbitzua euskaraz eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak.

  • Lana euskaraz egiteko baliabideak.

  • Kontratazioa.

  • Barne-dokumentazioa.

  • Hizkuntzaren ingurunea.

  • Kanpo-komunikazioa.

  • Produktuaren kontsumitzailea eta erabiltzailearentzako elementuak.

  • Lanbide Heziketako euskarazko praktikak enpresetan.

  • Euskaraz egindako prestakuntza.

  • Lanean euskara ikasteko prestakuntza.

  • Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egindako beste edozein neurri.

Lazarragaren eskuizkribuan oinarritutako litografia eta eskuizkribua emango zaie sarituei.

Nola aurkeztu hautagaitza bat?

Hautagaitzak pertsona fisikoek zein erakundeek aurkez ditzakete, urriaren 24ra arte. Hautagai gisa aurkezteko baldintza bakarra Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean egoitza izatea da. Hautagaitza proposamenean, emandako informazioa eta azalpena hartuko dira kontuan, eta edozein euskarri erabili ahal izango da hautagaiaren ekintzak erakusteko.

Hainbat aukera daude proposamenak bidaltzeko:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide