1976tik 1979ra bitartean, Martin Villa Espainiako Gobernuko ministro izanik, gutxienez 90 pertsona hil zituen poliziak, tartean Gasteizen 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileak. Orain, Argentinako Kasazio Penaleko Ganbera Federalak atzera bota ditu Maria Servini epaileak gizateriaren aurkako delituengatik Villa auzipetzeko hartutako erabakia baliogabetu zuen ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
Argentinako Auzitegi Gorenaren ustez, auzipetzea ezeztatu zuen autoak ezin du kasazio-errekurtsorik onartu, eta, beraz, akusazioen idazkiak ukatzea erabaki du, Ganbera Federaleko bi magistraturen babesarekin eta kontrako beste boto batekin.
Auzia 2014ko urrian emandako atxilotze-aginduarekin hasi bazen ere, Argentinako Errepublikako 1. Epaitegi Kriminal eta Korrekzional Federaleko epaile Maria Servinik 2021eko urrian auzipetu zuen Villa, poliziaren tiroen ondorioz lau pertsonaren heriotzen ardura egotzita: horietako hiru Gasteizen hildakoak (1976ko Martxoaren 3an), eta beste bat Iruñean (1978ko Sanferminetan).
Aurtengo irailaren 15ean, ahozko bista bat egin zen, bideokonferentziaz; bertan, ministro ohi frankistaren defentsak argudiatu zuen auzipetze-autoan "frogarik ez" zegoela eta gertakariak gizateriaren aurkako delitutzat jotzeko "justifikaziorik ez" zegoela.
Auzipetuta ez, baina inputatuta bai
Martxoak 3 Elkarteak, Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundearekin (CEAQUA) batera, Argentinako epaitegiaren erabakiarekiko bere "desadostasuna" agertu du.
Nolanahi ere, gogorarazi dute Martin Villak, une honetan auzipetua ez bada ere, Argentinako kereilan inputatuta jarraitzen duela gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan astundutako hamabi hilketa egotzita. "Epaitegiak sakondu egin behar du aipatutako krimenen ikerketan, berriro prozesatzea agintzeko", azpimarratu du Martxoak 3 Elkarteak.
Une honetan, CEAQUAko talde juridikoa Argentinako Auzitegi Gorenean dagokion errekurtsoa jartzeko aukera aztertzen ari da.