"Pertsonak eta gure enpresak, batez ere txikienak, babestea izango da 2023ko aurrekontuen ardatza". Ramiro Gonzalez Arabako politika orokorrari buruzko eztabaidaren lehen egunean egindako iragarpena da. Azken hilabeteotan, Covid-19aren izurriaren eta Ukrainako gerraren ondorioek baldintzatuta jardun du gobernuak, eta ahaldun nagusiak esan du Arabak hiru eraldaketa behar dituela etorkizunerako: "Ekonomia eraldatzea, energiaren eta klima aldaketaren eremua eraldatzea, eta zaintzen eremua eraldatzea".
Ekonomiaren alorrean, ahaldun nagusiak esan du Covid-aren ondorioak gainditu direla enplegua sortzeari dagokionez. "Egia da ziurgabetasuna dagoela, baina baita ekoizpen sare sendoa dugula, eta krisia gainditzeko gaitasuna ere". Eraldaketa ekonomiko horrek ekologiaren eskutik joan behar duela azaldu du, berriztagarrien "biderkatzearekin". Hala, krisi energetikoari buruz ere luze mintzatu da Gonzalez. Adierazi du lehentasunezkoa dela Arabaren mendekotasun energetikoa apaltzea eta "energia garbiak modu intentsiboan sortzeko proiektuak" bultzatzea. Gai horrekin lotuta, EH Bilduren "jarrera aldaketa" txalotu du, eta koalizioari eskatu dio ongi azaldu dezala energia berriztagarriei buruzko jarrera.
EH Bildu, "betiko tokian"
EH Bilduk osoko bilkuraren bigarren egunean erantzun dio Gonzalezi. Foru gobernuaren jardunaren balantzea egin nahi izan du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak. Azpimarratu du ez direla lurraldearen erronka nagusiak jorratu, "hala nola deskarbonizazioa, digitalizazioa, birmoldaketa sozioekonomikoa edo lurralde-oreka". Horregatik, EH Bilduren aburuz, "legealdi galdua" izan da. Halaber, Fernandez de Pinedok hainbat eskubideren murrizketa salatu du, hala nola, osasunarena, hezkuntzarena, etxebizitzarena edo energiarena. "Datozen hilabeteak erabakigarriak izan daitezke arabarren ongizatea bermatzeko. Ez ditzagun alferrik galdu", eskatu du.
Energia berriztagarrien alorrean, Fernandez de Pinedok esan du EH Bildu elkarlanerako prest dagoela gai horretan, eta "EAJ energia horien alde jarri izana" ospatu du. "EH Bildu beti egon den lekuan dago. Gure apustua argia da", azpimarratu du.
Oposizioko beste alderdiak ere oso kritiko mintzatu dira foru gobernuaren jardueraz. Alderdi Popularreko Iñaki Oiarzabalentzat, ziklo amaiera batean gaude, legealdia agortuta, eta EAJ "ideiarik eta proiekturik gabe" dago. David Rodriguez Elkarrekin Arabako bozeramaileak, berriz, uste du ahaldun nagusiaren diskurtsoa ez dela familien egungo egoeraren eta egoeraren mailan egon.