EITBk argitaratu duenez, Arabako Aldundiak kudeatutako zentro batean tutoretzapean den neska adingabe batek begirale baten aurkako salaketa jarri du sexu abusuengatik. Ustez, gertakariak abuztuaren hasieran jazo ziren, eta gazteak joan den astean jarri zuen salaketa, Ertzaintzaren aurrean.
Beste hezitzaile batek eta zentroko zuzendariak lagundu zuten salaketa jartzera. Gainera, gertakarien berri izan bezain pronto, zentroa kudeatzen duen enpresak ustezko erasotzailea baztertu egin zuen, baita kaleratzeko espedientea abiatu ere; une honetan, espedientea ebazpenaren zain dago.
Bitartean, Ertzaintzak ikerketa burutu ostean, Gasteizko epaitegi batek hezitzailearen aurkako izapideak abiatu ditu.
Bere aldetik, Aldundiak bere gain hartu du adingabea babesteko eginbeharra, eta auzian pertsonatuko da ikerbidea abiatzen denean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.