Gaztela eta Leongo Vox-ek Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzeko egindako proposamenaren harira, Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikoko ministro Teresa Riberak "ultraeskuinaren burutazio ideologikoa" dela esan du, Idurre Bideguren EH Bilduko senatariaren galderari erantzunez.
"Ezinezkoa da, bideraezina, eta ez du zentzurik. Ez dugu nuklearren bizitza luzatu nahi, baldintzak eta arriskuak ezagutu gabe", adierazi du ministroak. Gainera, "diru publikoa xahutzea" leporatu dio ultraeskuinari, 2030ean zentral nuklearra berriro irekitzeko bideragarritasun azterketa bat eskatzeagatik.
Bere aldetik, EH Bilduko senatariak Riberaren "irmotasuna" baloratu du, egungo krisiari irtenbidea emateko energia nuklearraren aldeko apustua "zaharkitua eta ez oso errealista" dela salatuz: "Energia nuklearraren izaera berdea defendatzen dutenek berriztagarrietarako aurreikusitako Europako funtsak eskuratu nahi dituzte. Krisi energetikoaren konponbidea ezin da izan energia nuklearra bezalako eredu zaharkituei lotutako planteamendu bat", azpimarratu du Bidegurenek. Bere ustez, berriztagarriak "kontrol publikoarekin, gardentasunarekin eta ikuspegi ekologiko eta sozialarekin" hedatu behar dira.
Garoñako zentral nuklearraren bizitza baliagarria 2011n amaitu zen, 40 urtez martxan izan ostean. Bi urte geroago, 2013an, Nuclenor zentralaren enpresa titularrak jarduera etetea erabaki zuen. Azkenean, 2017an, behin betiko itxi zuten, Endesa eta Iberdrolaren erabakiz. Orduz geroztik, noizean behin itzuli dira zentrala berrirekitzearen aldeko mamuak. Oraingoz, behintzat, Espainiako Gobernuak aukera hori baztertu du.