Cantoblanco mendira eramango dute eolikoen aurkako protesta

Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 09:00
Jesuri mendira martxa, irailaren 10ean. / Argazkia: ARABAKO MENDIAK ASKE

Irailaren 24an, Arabako Mendiak Aske plataformak mendi martxa egingo du Cantoblancora, Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan, bertan eraiki nahi duten zentral eolikoa arbuiatzeko.

Larunbat honetan izango da protesta dinamikaren barruan aurten egingo duten laugarren martxa, oraingoan Cantoblanco mendira (1.006 metro), Mendiak ez daude salgai! Berriztagarriak bai, baina horrela ez! lelopean. "Babesa eskatzen diogu lurraldeko pertsona orori, zentral eoliko batek biodibertsitatearen galera eta mendiaren industrializazioa ekarriko lituzkeela pentsatzen dugulako, eta naturarik gabe bizitza kolokan dagoelako", aldarrikatu dute.

Joan-etorriko bi ibilbide izango dituzte aukeran protestarekin bat egin nahi dutenek: lehenengoa, 10:00etan abiatuko da Gesaltza Añanako herriko plazatik, 10 kilometro eta 500 metroko desnibelarekin; bigarrena, berriz, Axkoetatik irtengo da ordu berean, 8 kilometro eta 380 metroko desnibela ibiltzeko. Bi taldeek 11:30ean bat egingo dute tontorrean, eta bertan ekitaldia egingo dute.

Gainera, mendi martxen dinamikaren ostean, azaroaren 26an Gasteizen elkarretaratze bat egingo dutela iragarri du Arabako Mendiak Askek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide