Euskararen B2 maila ez da beharrezkoa Udaltzaingoaren lan poltsarako, epai baten arabera

Erredakzioa 2022ko ira. 19a, 12:00
Udaltzain euskaldunen irudi promozional bat. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Arabako Administrazio Auzitegiko epaile batek UGTren helegitea onartu du, ondorioztatuz 2021eko deialdi publikoak hautagai batzuk "diskriminatu" zituela eta B2 maila egiaztatzea ez dela beharrezkoa lan poltsan sartzeko.

BERRIA egunkariak argitaratu duenez, Gasteizko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio UGT sindikatuari, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan udaltzain izateko lan poltsari jarritako helegitean. Epaiaren arabera, euskarazko B2 maila egiaztatzea ez da beharrezkoa Udaltzaingoaren lan poltsa horretarako.

Sindikatuak helegitean salatu eta epaileak onartu duenez, 2021eko deialdi publikoak euskarazko B2 maila aurkezterik izan ez zutenak "diskriminatu" egin zituen, herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai ez diren arren, "zenbait lanpostu betetzeko gaituta" daudela iritzita.

EAEko Poliziaren Legea 2019an aldatu zuten, eta urte hori jarri zen epemugatzat ikastaroak euskarazko gaitasunen frogagiritzat aurkezteko. Epaiaren ondorioz, hautagaiek 2019 baino lehen egindako ikastaroak aurkeztu ahal izango dituzte orain. Izan ere, UGTk argudiatu du 2021eko deialdia ez zetorrela bat legeak dioenarekin, eta, hortaz, deialdiaren xedea legea bera aldatzea dela.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak iragarri du ebazpena errekurritu egingo duela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide