Udan zehar ikusitakoak zein bizi izandakoak irudi bakarrean jasotzea lan nekeza izan arren, dozenaka lagunek bizipen horiek ezin hobe islatu dituzte Oporklik! 2023 argazki lehiaketan. Zehazki, 39 proposamen jaso ditu Gauekoak eta Arabako ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak.
Bi kategoria daude lehian: alde batetik, argazki bakarreko proposamenak; eta, bestetik, testuz lagundutako argazki-sortak bestetik. Parte hartzea itxi bitartean, azken unera arte jaso dira proposamenak: 27 + 12 hautagaitza guztira.
Boto-ematea eta epaia
Sari ugari ditugu aurten ere, eta, lehiaketaren oinarrietan jaso bezala, batetik, argazki-sorten kategoriako irabazleak epaimahai batek erabakiko ditu. Epaia urriaren 2an ezagutaraziko da, baina bien bitartean jasotako irudi guztiak ikusgai daude Oporklik lehiaketako atal berezian:
Argazki bakarreko kategorien kasuan, irabazleak boto herrikoi bidez erabakiko dira. Bozketa urriaren 1eko gauerdian itxiko da, eta ALEAren webgunean bertan egin ahalko dute herritarrek beraien aukeraketa. Erabiltzaile bakoitzak hiru boto eman ahalko ditu gehienez; IP helbide bat, hiru boto.
Gainera, dagokien saria jasotzeaz gain, lanik onenak Falerina Lorategiko tabernan antolatuko den erakusketan izango dira ikusgai, urriaren 20tik aurrera.