Potx eta Lotx pailazoak, laster Gasteizen

Erredakzioa 2022ko ira. 16a, 13:50
Ume zein helduei zuzendutako ikuskizuna da 'Kaleak bizirik!'. / Argazkia: POTX ETA LOTX

Urriaren 9an, Gasteizko Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko Antzokian izango dira Potx eta Lotx pailazoak, Kaleak bizirik! ikuskizunarekin. Kantuan eta dantzan aritzeaz gain, arau sozialak zalantzan jarri ahal izango ditu familia osoak.

Potx eta Lotx 2017an sortutako Euskal Herriko pailazo talde bat da. Ordutik, hiru ikuskizun taularatu dituzte: Herriko Festetan, Etxean eta, beren azken ikuskizuna, Kaleak bizirik!. Azken lan hori 2021eko irailean estreinatu zuten, Bilboko Campos Eliseos Antzokian, eta urte osoan zehar bira egin dute Euskal Herri osotik.

Familia guztiari zuzendutako ikuskizuna da, pailazo talde honen lan guztietan bezala: "Ezin da esan ikuskizun infantilak direnik: umore zuhurra eta landua darabilgu eta gurasoen barreetan nabaritzen da hori", azaldu dute. Ordubete eta hamar minutuko lan honetan, kantuan eta dantzan aritzeaz gain, hainbat gai lantzen dituzte pailazoaren balioak oinarri hartuta eta inguratzen gaituzten arau sozialak zalantzan jarriz.

Orain, denboraldiko azken ikuskizunekin ari dira, eta Gasteiz geltokietako bat izango da laster, urriaren 9an, igandean, 12:30etik aurrera Jesus Ibañez de Matauko Antzokian, Hegoalde gizarte etxean. Sarrerak dagoeneko salgai daude Potx eta Lotx atarian, 10 euroko prezioan.

Ikuskizun bakoitzarekin lotuta, bideoklip, bideo eta disko ugari kaleratu dituzte. Kaleak bizirik!-en bira laster amaituko bada ere, dagoeneko hurrengo ikuskizunetan pentsatzen ari dira buru-belarri.

 

Baina, zer istorio kontatzen du Kaleak bizirik! ikuskizunak? Oraingoan osabak enkargu bat egin die Potx eta Lotxi: kalera joan behar dira, beren bizilaguna izandako Izaskunen etxera. Horretarako, ez dute denbora asko izango; hala ere, bidean jende askorekin egingo dute topo: kaleko musikari batekin, herriko alkatearekin, TAO zerbitzua kontrolatzen duen udaltzainarekin... Horiekin hainbat abentura biziko dituzte, barregarriak zein negargarriak! Lortuko al dute agindutako orduan Izaskunengana heltzea?

Ikuskizunak honako aktore hauekin kontatuko du: Itziar Arkauz (Lotx), Josu Zubia (Potx), Danel Teran (Izaskun eta TAO zerbitzua kontrolatzen duen udaltzaina), Xabi Sound eta Ander Murillo (kaleko musikaria eta alkatea).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide