Emilio Martinez de Marigorta deportatu ohia Gasteizen da, hiru hamarkadaren ostean

Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 17:30

Emilio Martinez de Marigorta deportatu ohi gasteiztarra. / ALEA

1989an Cabo Verdera deportatua izan eta 33 urtera, bere hirira itzuli da Emilio Martinez de Marigorta gasteiztarra. Etxerat Elkarteak jakinarazi duenez, oraindik bost euskal deportatu gelditzen dira.

Espetxeetan pixkanaka urruntze politika gainditzen doan bitartean, beste hainbat mugimendu ere ematen ari dira euskal iheslari zein deportatuen auzian. Etxerat Elkarteak ostegun honetan bertan jakitera eman du uda honetan hiru deportatu Euskal Herrira itzuli direla: Emilio Martinez de Marigorta gasteiztarrarekin batera, Felix Manzanos Martinez ugaoarra itzuli da Cabo Verdetik (3.700 kilometro); Iñaki Rodriguez Muñoa, berriz, Cubatik itzuli da 36 urteren ostean.

Espainiako Estatuak Martinez de Marigorta eta Manzanos Aljeriatik Cabo Verdera eraman zituen 1989. urtean, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketek porrot egin zutenean. Biek 33 urte eman dituzte Afrikako kostalde atlantikoan kokatuta dagoen uhartedi horretan.

"Hiru gutxiago! Ongi etorriak!", ospatu du Etxerat Elkarteak. 80ko hamarkadaren bukaeratik, deportazioak hasi zirenetik, 70 euskal hiritar deportatuak izan dira ETAren jardunarekin lotutako delituak egotzita. Horietatik hamabi hil egin dira dagoeneko Euskal Herritik urrun. Etxeraten arabera, bost euskal deportatu gelditzen dira oraindik: bi Cuban, Jose Angel Urteaga Martinez eta Josu Abrisketa Korta; beste bi Cabo Verden, Tomas Linaza Etxebarria eta Jose Antonio Olaizola Atxukarro; eta Eugenio Barrutiabengoa Zabarte, Venezuelan. 

"Urte luzez deportatuek pairatzen duten egoera gogor hori haien senideek ordaindu dute eta ordaintzen jarraitzen dute; urte luzez lotura afektiboari eusteko milaka kilometro egitera behartuta dauden deportatuen senideek. Bada garaia bost deportatuak eta oraindik diren 24 erbesteratuak Euskal Herriratzeko. Etxean eta bizirik nahi ditugu", aldarrikatu du Etxeratek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago