'Album' lanarekin hasiko da Zurrunbilo jaialdia

Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 13:57
'Album' obra aurkeztuko du Formol laborategiak. / Formol

'Kamikaze gaua' ekimen esperimentala eta 'Balbea' obra ere aurkeztuko dituzte irailaren 23, 24 eta 25ean Baratza aretoan ospatuko den jaialdian.

Ate joka dator Zurrunbiloren zazpigarren edizioa, euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari txokoa eskainiko dion jaialdia. "Horretarako, publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historikoetako beste programa eszeniko batzuekin loturak sortzen saiatu gara. Hori guztia diziplinarteko ikuspegi batetik: hitza dantzarekin, performancearekin eta beste lengoaia batzuekin nahastuz", azaldu dute antolatzaileek. Jaialdia Parasite Kolektiboak eta Baratza aretoak antolatzen dute, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin.

Formol Laborategia konpainiak irekiko du jaialdia irailaren 23an, ostirala, Album antzezlanarekin. Asko hitz egin izan da gazteei buruz. Millennialek oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean dabiltzan diagnosia jaso dute taldean. "Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Baina zer daukagu guk esateko? Zer espero da gutaz? Nor gara gu?", galdetu dute Formoleko kide Edurne Azkaratek, Mikel Ibargurenek eta Intza Alkainek.

Irailaren 24an Kamikazeren proposamenen txanda izango da. Kamikaze Gaua ekimen esperimental gisa sortu zen, non diziplina guztietako artistei proposamen bat egitea proposatzen zitzaien: Oier Guillanen testu batetik abiatuta eta bete beharreko dekalogo batekin jarraituz. Hautatutako lau proposamenek laguntza ekonomikoa jaso zuten, baita egoitza bat Baratza aretoan egiteko aukera ere. Artista gazteek egindako pieza horien emaitza esklusiban ikusi ahal izango da gau horretan.

Zurrunbilok irailaren 25ean, igandean, bere programazioa itxiko du, ATX Teatro konpainiaren azken lanaren estreinaldiarekin: Balbea. Iñaki Ziarrustaren laugarren bakarrizketak heriotzari buruz hitz egiten digu. "Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez".

Antzerkizaleen topaketa

Proposamen eszeniko horiez gain, eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan, Ikusle kluba egingo da larunbatean, 18:00etan. Publikoarekiko harreman-bide berriak aztertzeko gune bat, hausnarketa eragin eta arte eszeniko garaikideetara hurbiltzeko bide berriak ireki nahi dituena. Sarrera doakoa da baina erreserbatu egin behar da reservas@salabaratza.com helbide elektronikoan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide