Olatz Perez de Viñaspre ikertzaile gasteiztarraren ibilbide akademikoa sarituko dute

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 11:30

Olatz Perez de Viñaspre, informatika ingeniaria, ikertzailea eta irakaslea. / Argazkia: PUNTUEUS

Ingurune digitaleko emakume gazte euskaldun erreferenteen lana aitortzeko II. Gladys Saria jasoko du Olatz Perez de Viñaspre ingeniari informatiko gasteiztarrak. Irailaren 27an EHUko Informatika Fakultatean izango da ekitaldia, Donostian.

Olatz Perez de Viñasprek jasoko du II. Gladys Saria. 1987an jaio zen gasteiztarra, eta, bere ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da; EHUko Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak. Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011 eta 2013 urteen artean. 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian.

Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, "bere ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana" azpimarratuz.

Gaur egun irakasle atxikia da Perez de Viñaspre, EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean, eta ikerketa munduan ere dihardu. Besteak beste, nabarmentzekoa da Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena Sarietan, 2018an, Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-arloko saria jaso zuela. Horrez gain, I. Ikergazte Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuan Udalbiltzak banatutako Sari Berezia eman zioten, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik.

Gladys Sariaren bigarren edizioa Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute, Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin. Aitortza honek ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.

Sari banaketa eta ekitaldia irailaren 27an izango da, 11:00etan EHUko Informatika Fakultatean, Donostian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago