1990eko ekainaren 25ean Irunberriko Arroilan izandako ume gasteiztarren bila daude

Erredakzioa 2022ko ira. 12a, 13:00

Irunberriko Arroila, Zangozerria eskualdean (Nafarroa). / ALEA

Guardia Zibilarekin izandako tiroketa baten ostean, Jon Lizarralde eta Susana Arregi ETAko kideak hilda agertu ziren 1990an Irunberriko Arroilan (Nafarroa). Gertakariak ikertzen ari den Gure Bazterrak elkartea txango batean zeuden gasteiztarren bila dago, euren testigantzak jasotzeko.

Irunberriko Arroilako gertakariak: duela 32 urte, 1990eko ekainaren 25ean, Guardia Zibilaren eta Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundeko Nafarroa Komandoko kideen arteko enfrentamendu armatua gertatu zen Irunberriko Arroila izeneko inguruan, Irati ibaiak Nafarroan eratutako arroilan. ETAko kideek Jose Luis Hervas Guardia Zibileko sarjentua hil zuten. Hurrengo goizean, berriz, Jon Lizarralde (Andoain) eta Susana Arregi (Oñati) komandoko kideak hilda agertu ziren, buruan tirokatuta; hirugarren etakide bat, German Rubenach (Bilbo), larriki zaurituta topatu eta atxilotu egin zuen poliziak.

Bertsio ofizialaren arabera, biek beren buruaz beste egin zuten, inguratuta eta ihesbiderik gabe zeudela iritzita. Hasiera batean, Rubenachi leporatu zioten bere bi kideen hilketa, baina Auzitegi Nazionalak absolbitu zuen eta inoiz ez da argitu nork egin zien tiro; gainera, autopsian, Irati ibaiko ura agertu zen Lizarralderen biriketan.

Urte luzez, Guardia Zibilak bi etakideak torturatu eta judizioz kanpo exekutatu zituela dioen teoria izan da mahai gainean. ETAk bertsio ofiziala ukatu zuen hasieratik, eta Ricardo Zabalzak Foz de Lumbier: Antecedentes y crónica de unas ejecuciones liburua idatzi zuen 1990ean.

Hiru hamarkada beranduago, Oñatiko Gure Bazterrak taldea gertaerak ikertzen ari da berriz ere, Pako Aristi idazle eta kazetariarekin elkarlanean. Azaldu dutenez, sumarioan aipatzen da Gasteizko bi autobus bertan zirela, umez beteta, Udal Kirol Erakundeak antolatutako txango batean. Bertsio ofizialean zirrikituak bilatzeko asmoz, ume horiek bilatzeko laguntza eskatu dute.

"Egun horretan, 1990eko ekainaren 25ean Irunberrira (Foz de Lumbier) antolatutako txango hartan egondako pertsonen bila gabiltza, euren testigantzak jasotzeko asmoz. Ume horiek orain 35-45 urtetako gasteiztarrak izango dira", azaldu dute Gure Bazterrak taldeko kideek. "Bertan egondako norbait bazara, txango horretan egondako norbait ezagutzen baduzu edo gaiaren inguruko edozein informazioa izatekotan", beraiekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat zabaldu dute: jardunaldiak@hotmail.com.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago