Astero hiru greba egun egingo dituzte Burdinberrin

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 18:00

Burdinberri enpresako langileen elkarretaratzea. / Argazkia: ELA

Gasteizko Burdinberri enpresako langileek greba ziklo bati ekin diote hitzarmena berritu eta soldata duinak exijitzeko. Irailean zehar, greba egingo dute astelehen, astearte eta ostiral guztietan.

Ehunka dira Araban zein Euskal Herrian hitzarmena iraungita duten enpresak. Horietako bat Gasteizko Burdinberri da. Ehari-Gobeoko industria gunean kokatuta, tamaina handiko mekanizazioaren sektorean dihardu —Arabako metalaren barruan, sektore aeronautikoan—, eta 60 bat langile ditu.

Uztailean astebeteko greba egin zuten, jarraipen zabalarekin, baina negoziazioek aurrera egin ez dutela ikusita, irailerako greba egun gehiago iragarri ditu ELAko ordezkariek osatutako enpresa batzordeak. Zehazki, hilabeteko astelehen, astearte eta ostiralean guztietan egingo dituzte lanuzteak.

Sindikatuak azaldu duenez, azken urteetan zuzendaritzak langile ugari kaleratu, "gehiegizko" ABLEEak ezarri eta soldatak izoztu ditu. "Gaur egun funtzionamendu betean dago, lan kargarekin, eta malgutasuna erabiltzen ari dira lan gehiago egiteko presioa eginez, baita larunbatak aktibatuz eta aparteko orduak ere", salatu du ELAk.

Horren aurrean, enpresa batzordeak KPIaren araberako soldata igoerak eta hitzarmenak langileen eskubideak jasotzea eskatu du, besteak beste. Era berean, Arabako metalaren sektorearentzako hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, "aberastasunaren banaketa horretan lagun dezan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago