Ai Laket-ek jaialdi batekin ospatuko du bere 20. urteurrena, Errekaleorren

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 12:30
Negra Cucaracha terrorfolk taldea arituko da Errekaleorren. / Argazkia: N.C.T.

Hogei urte bete dira Ai Laket elkarteak drogen kontsumoan arriskuak murrizteko bideari ekin zionetik. Larunbat honetan urtemuga ospatzeko jaialdia egingo dute Errekaleorren, soinu sistema, kontzertu eta pintxadekin.

Bere ibilbide oparoari 1998an eta kolektibo gisa ekin bazion ere, 2002an irabazi asmorik gabeko elkarte gisa eratu zen Ai Laket. Legez kanpoko substantzien erabiltzaile talde bat biltzen hasi zen orduan, kontsumitzen zituzten substantziei buruzko informaziorik ezagatik kezkatuta, "garai hartan nagusi zen mezu debekatzailea alde batera utzita".

Aitzindaria Europa osoan, drogen kontsumoan arriskuak murrizteko laguntza eskaintzeko helburuarekin jaio zen, eta hogei urtez aritu da zeregin horretan. Orain, Covid-19aren pandemia gaindituta, 20. urteurrena ospatzeko ordua iritsi zaio drogen erabiltzaile zein erabiltzaile ohien elkarteari.

Drogen kontsumo arduratsuaren alde egin eta horien erabileratik eratorritako arriskuen autokudeaketa bultzatzeko asmoz, drogen informaziorako eta testatzerako puntu finkoa da, besteak beste, Ai Laket-en jarduera nagusietako bat: ostiralero, 19:00etatik 22:00etara, doako zerbitzu anonimoa eskaintzen du elkarteak, Errementari kaleko 43. zenbakian.

Larunbat honetan, irailaren 10ean, jaialdia egingo dute Errekaleorren. 17:00etatik aurrera, Lokatz HiFi eta Bubblin Sound System soinu sistemak hasiko dira auzoa girotzen. Afaltzeko aukera egongo da, eta, 22:30etik aurrera, hiru kontzertu izango dira: Negra Cucaracha, Nize eta Conteiner. Ondoren, 02:00etatik aurrera, DJen txanda izango da, Sudo eta Celerakaren eskutik.

Kartelaren diseinua: COSMIC TENTACLES

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide