Egun batez Laudio Espainiako Gerra Zibilak udalerrian izan zuen eragina gogora ekarriko dute Laudion, urriaren 1ean 96 lagunek egingo duten antzezpen baten bitartez. Orotara, berregite historikoan diharduten 11 elkartek parte hartuko dute helburu didaktikoa eta dibulgatiboa izango duen ekitaldian.
Ondarean eta etnografian aditua den Felix Mugurutza filologoaren esanetan, "zorroztasun historikorik handiena lortu" nahi dute antzezpenarekin. "Batez ere laudioarren presentzia izan zuten bi unitateren bidez egingo da: Arabako erreketea eta Araba Batailoia", aurreratu du Mugurutzak.
1936ko gerran aritu ziren bi aldeen arteko borrokak ez ezik, Errepublikaren aldeko indarren artean sortu ziren tentsioak ere ekarriko dituzte gogora. Hala, antzezpenean, anarkista talde bat santutegia erretzen saiatuko da, baina Eusko Gudarosteko soldaduek hori saihestuko dute.
Egun osoan zehar gerrari lotutako beste hainbat pasarte eta elementu antzeztuko dituzte, hala nola errepideetako kontrol postuak, abangoardiako ospitaleak, intendentzia, artilleria guneak edota bi aldeetan zeuden kapilauak. Orotara, bederatzi gunetan ikusi ahalko dira halako postu eta antzezpenak, eta baita gai bakoitzari lotutako azalpenak jaso ere.
Burdin Hesia
Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, herria ez zen fronteko lehen lerroan egon, eta bertan ez zen borroka aipagarririk jasan. Halere, gertu izan zuten Burdin Hesia, eta horrek eragin bat izan zuen herrian.
Antzezpenetan Laudioko zenbait pertsonaia aipagarri izango dituzte. Gainera, berregile bakoitzak herriko benetako pertsona bat ordezkatuko duela aurreratu dute,"horrek merezi duen errespetu guztiarekin".