ARTIUM

Zuluetaren unibertso bitxia

Erredakzioa 2022ko ira. 11a, 10:00

Ivan Zulueta (1943-2009) zinemagilearen lana askotarikoa izan zen arren, 'Arrebato' filmak hartu zuen ospe handiena. ALEA

Ivan Zulueta zine zuzendariari eskainitako erakusketa batekin ekingo dio Artium museoak datorren seihilekoari. Ondoren, Jutta Koether eta Rafael Lafuente artistek hartuko dute protagonismoa.

Datorren seihilekoan Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak jorratuko dituen ildoak ezagutarazi ditu aste honetan. Ohi bezala, museoak eskaintza zabala prestatu du arabarrei eta kanpoko bisitariei begira.

Ivan Zuluetaren zoraldia izeneko erakusketak inauguratuko du denboraldi berria, euskal zinemagilearen figura eta lanarekiko hurbilketa bat egiteko asmoz. Museoak aurreratu du Zuluetak irudiaren inguruan egin zuen "esperimentazio etengabean oinarrituta" sortutako unibertsoa aztertuko duela erakusketak. Urriaren 14an zabalduko dute.

Urriaren 28an, berriz, Jutta Koether, Black Place erakusketak hartuko du txanda. Ameriketako Estatu Batuetan bizi den artista alemanak Estatuan egin duen lehen erakusketa monografikoa dela azpimarratu du Artiumek; bertan hiru hamarkada baino gehiagoko lana biltzen duten piezak aurkeztuko dituzte, "praktika feminista bat garatzeko bitarteko gisa pinturan duen interesak zeharkatuta". Datorren urteko urtarriletik aurrera museoak Rafael Lafuente artista gasteiztarrari eskainiko dio tartea. Azpimarratu dutenez, bere garaiko korronte eta konbentzioekiko independentzia mantendu zuen Lafuentek, eta bere lana nazioarteko zenbait lengoaia artistikorekin lotu zuen.

Programa publikoei dagokienez, museoen etorkizunari buruzko hitzaldi sorta egingo dute. Bestetik, Zuluetarena ez da izango zinemari egingo dioten hurbilpen bakarra, Zinema feministaren historiak eta Euskal Filmategiak antolatutako Euskal zinemagile emakumeak II zinema zikloak izango dituztelako. Gazteei zuzendutako Nítido programa ere abiatuko dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago