LAB sindikatuak jakitera eman duenez, joan den abuztuaren 30ean Superberriak kateko zuzendaritzak premiazko bilera batera deitu zituen langileen ordezkariak. Bilera horretan, langile guztientzako EEEa eta denda guztien itxiera jakinarazi zieten. Gaur, irailaren 7an, kontsulta-aldia hasi da, eta zuzendaritzak enpresaren egoerari zein EEEari buruzko hainbat agiri eman beharko dizkie sindikatuei.
Enplegua Erregulatzeko Espedientea Superberriak SL enpresako dendetako langile guztiei eragingo die; hau da, Amurrio, Laudio, Ugao eta Bilboko Alde Zaharreko BM Shop dendetako 70 langileei. Horrez gain, Barakaldoko BM Shop dendako (Roxima 2020 S.L. enpresa) eta Grupo Basele S.L. enpresarentzako espedientearen berri ere eman zien zuzendaritzak.
"Ez dugu ulertzen hain oldarkor eta presazko erabaki hau. Izan ere, joan den uztailaren bukaeran, bi aldeek bilera eta negoziazioak adostu genituen irailaren erdialderako edo amaierarako; bestalde, urtebete eta hilabete gutxi pasa dira Superberriak-eko zuzendaritzak bere denda guztiak frankizia gisa BM taldera aldatu zituenetik", salatu du sindikatu abertzaleak.
Horren aurrean, "prozesuari ahalik eta modu egokienean erantzuteko eta aurre egiteko" lanean hasi da LAB, ordezkari eta langile guztiekin. "Goiz da xehetasun gehiago emateko, baina argi dago ez dugula etsiko erabaki horren aurrean, eta baliabide, mekanismo eta ekimen sindikal guztiak martxan jarriko ditugu, lanpostuak defendatzeko eta EEEa geldiarazteko", gaineratu dute.