Zabalik da Arabako suhiltzaileen EPErako izen-ematea

Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 09:15

Guztira 114 plaza beteko dira Araban eta Gipuzkoan. / Argazkia: SUHILTZAILEAK ARABA

Gaur ireki da Arabako eta Gipuzkoako foru aldundietako suhiltzaileen EPErako izena emateko epea. Guztira 114 plaza eskainiko dira, horietako 46 Araban.

Araba zein Gipuzkoako foru aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko hautaketa-prozesu berrirako deialdia martxan da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hainbat erakundetako suhiltzaile plazak betetzeko lehiaketa-oposizio bateratua egiten duen lehenengo aldia da. Guztira 114 plaza izango dira: 46 Araban eta 68 Gipuzkoan; gainera, plaza gehiago gehitu daitezke foru erakunderen batek hala erabakitzen badu.

Honako hauek dira beteko diren lanpostuen xehetasunak:

  • Arabako Foru Aldundia: 46 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2020ko eta 2022ko EPEei dagozkienak.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: 68 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2019ko, 2020ko eta 2021eko EPEei dagozkienak. 

Hautaketa prozesua

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa eta formakuntza prozesu zorrotza eta integrala prestatu du, fase hauetan banatuta:  

  • Izena ematea: epea irailaren 7an ireki eta 20 egun baliodunetan egongo da zabalik; arkauteakademia.euskadi.eus webgunearen bidez egingo da. Izena eman ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira, besteak beste:
    • 16 urte beteta izatea eta nahitaez erretiratzeko adina bete gabe izatea.
    • C + E gidabaimena eta emandako puntu guztiak izatea.
    • Hizkuntza-eskakizuna.
    • Hezkuntza-titulua (DBHko titulua, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo titulazio baliokidea).
    • Kanpoan uzteko irizpide medikoen koadroan jasota dagoen gaixotasunik ez izatea.

  • Hiru eratako probak: ezagutza-probak (test erako bi ariketa), proba psikoteknikoak (arrazoitzeko gaitasunak, gaitasun mekanikoak, espazialak, hitzezkoak eta nortasuna ebaluatzeko probak) eta gaitasun fisikoa baloratzeko probak. Guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak dira.
  • Merezimenduak: probak gainditu ondoren, izangaiek puntuatzekoak eta ebaluatzekoak diren merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte: beste hezkuntza titulu ofizialak, esperientzia profesionala...
  • Mediku azterketa: nahitaezkoa izango da, eta balorazioa izango da "gai" edo "ez gai".
  • Formakuntza: nahitaezko aldi akademikoa da, eta Akademian bertan egingo da, horretarako diseinatutako Ikasketa Planari jarraituz; hori ere ebaluagarria izango da.
  • Praktikaldia: formakuntza osorako zentro edo egoitza egokietan egingo da, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Praktikaldi hau ere baztertzailea izango da.

Aldi baterako lan poltsa

EPEa gainditzen duten baina plazarik lortzen ez duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan poltsa batean sartuko dira, deialdia osatzen duten erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide