Elkano Eguna salatu eta "Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko ira. 5a, 20:50

Elkanoren estatua, Getarian. / Argazkia: GETARIA TURISMO

Jaieguna izango da bihar, irailaren 6a, Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zioneko bosgarren mendeurrenaren harira. 13:00etan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Gora Euskal Herria dekoloniala! lelopean.

2022ko abenduaren 25a igandea izango denez, irailaren 6a Elkano Eguna izendatu eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiegun izatea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak iaz. Izan ere, bihar 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zionetik.

Hainbat izan dira erabaki horren aurka agertu diren iritziak. Gasteizen, adibidez, Gora Euskal Herria dekoloniala! herri ekimena jarri dute martxan, eta elkarretaratze bat deitu dute biharko, 13:00etan Loma Jeneralaren plazan.

"Egun horretan pertsona batek munduari lehen bira eman izana ospatuarazi nahi digute. Pertsona hura euskaldun bat izan zen: Juan Sebastian Elkano, hain zuzen. Eusko Jaurlaritza zein Espainiako Gobernua pertsonai honen inguruan zabaltzen ari diren errelatoa eta diskutsoa zalantzan jarri nahi ditugu, ikuspegi kritiko eta eraikitzaile baten bultzadarekin", adierazi dute herri ekimenaren sustatzaileek.

Salatu dutenez, "Eusko Jaurlaritzak asmatutako errelato honen bidez mendeetako zapalkuntza eta ustiapena txuritu ta zilegiztatu nahi du", Juan Sebastian Elkano "euskaldun kosmopolita, jator eta abenturazale moduan aurkeztuz".

"Colonek, Elkanok eta enparauek hasitako eta gaurdaino irauten duen menderakuntza aro odoltsua agerian jarri nahi dugu. Euskaldunok menderatuak eta menderatzaileak izan gara eta gara aldi berean. Frantziaren zein Espainiaren aldetik jasaten dugun zapalkuntzatik libratu nahi dugun eran, jasanarazi eta jasanarazten dugunaz libratu nahi dugu, bai ala bai soilik hortik pasatu ahalko baita guztiok amesten dugun guztion etorkizun askea", aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago