Ikasturte berria hasi da eta Arabako metalak hitzarmena berritu gabe jarraitzen du. Akordio faltak eta gatazkak markatu dituzte azken hilabeteak, eta maiatzean zein ekainean lau greba egun egin zituzten sektoreko milaka langilek, hitzarmen eta lan baldintza duinen alde.
Udako oporraldiaren aurretik, beste hiru greba egun mahai gainean utzi zituzten sindikatuek —irailaren 21, 22 eta 23rako—, hil hasieran negoziaziorako atea zabalik utziz eta egoera desblokeatzen saiatzeko deia luzatuz. Testuinguru horretan, datorren ostegunean, hilaren 8an, berriz ere bilduko dira patronala (SEA) eta ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuen ordezkaritza.
Sindikatuek, gaur Gasteizen eskainitako prentsaurreko batean, gogora ekarri dute SEAk bertan behera utzi zuela ekainaren 30eko grebaren aurreko bilera, eta hurrengo bileran izandako "jarrera immobilista eta arduragabea" salatu dute. "Negoziazioa blokeatu eta gehiengo sindikalaren proposamena gutxietsi zuen", kritikatu dute.
Sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak KPIari lotutako soldatak, lanaldiaren jaitsiera, behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea, laneko osasuna, benetako berdintasuna, eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak hobetzea dira, besteak beste. "Prezioen igoera orokor baten testuinguruan, non bizitza etengabe garestitzen ari den, garrantzi handia hartzen du erosteko ahalmenari eusteak, langileok gero eta pobreagoak izan ez gaitezen", aldarrikatu dute.
"Espero dugu SEAk gogoeta egitea eta hilaren 8ko negoziazio mahaira joatea akordioa erraztuko duen jarrerarekin. Espero dugu sektorean eta maila globalean bizitzen ari garen une historikoaren parean egotea, eta erantzukizunez jokatu dezan. Haien esku dago sektorea geldiaraziko duten beste hiru greba egun saihestea", ohartarazi dute sindikatuek.
Azkenik, sektoreko milaka langileei dei egin diete greba deialdiekin zein bestelako ekimenekin bat egin dezaten, "tailer txikietatik hasi eta enpresa handietaraino".