Maisuaren eskutik, Arabako bazterretan

Anakoz Amenabar 2022ko ira. 4a, 08:00

Portilla gogoratzen duen oroigarria, Fontechan. / AFA

Micaela Portilla eta bere lanaren garrantzia nabarmenduko ditu dokumental batek bere mendeurrenaren urtean; harekin batera Arabako ondare historikoan zehar egindako "bidaia" izan nahi du filmak, Juan Ibarrondo dokumentalaren zuzendari eta historialariaren ilobak azaldu moduan.

Nori ez litzaioke gustatuko Micaela Portillaren (Gasteiz, 1922-2005) eskutik Araba ezagutzea? Lurraldeko historian aditu eta dibulgatzaile handienaren azalpenak entzutea? Aukera izan zutenek "aparta" zela nabarmendu dute. Portillarekin dorre, iturri edo bide-bazterrak bisitatu eta haren argibideak entzutea luxu bat zela. Eta, hain zuzen, ideia horri heldu dio Juan Ibarrondo (Gasteiz, 1962) ilobak izebaren inguruko dokumentala prestatzeko, bere jaiotzaren mendeurrenean. Arabako Aldundia eta Vital Fundazioak babestuta, urte amaierarako aurkeztu nahi dute Micaela Portillari buruzko lana; historialari, pedagogo, antropologo eta dibulgatzaile lorpenetatik harago joan nahi duen filma. "Umetan, ilobak harekin taxian sartu eta Arabako txokoak deskubritzera joaten ginen modura, dokumentalaren bitartez ere bidaia egin nahi dugu".

Tenpluak, etxe gotorrak, erretaulak, jauregiak. Dokumentalak pertsona eta bere lana ezagutarazi nahi ditu, bere eskutik, Arabako Erdi Aroko historia eta artea aurkeztuz. "Micaela Portilla Arabako emakume aitzindaria izan zen, diziplina anitzeko lanaren bitartez oztopoak hautsi zituen eta gizatasun handia erakutsi zuen. Horregatik, dokumental honen bidez, lurraldeko historiako leku ezagun batean kokatu nahi dugu behin betiko", azaldu du Vital Fundazioko presidente Jon Urrestik.

Ildo beretik, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "bere garaiari aurrea hartu zion emakumea" izan zela azpimarratu du, eta Araban sakon errotuta zegoela. "Araba izan zen bere aztergaia, herri eta txoko bakoitza ahaztu gabe, guztiek gordetzen duten ondareari balioa emanez eta biztanleekiko hurbil. Hala gogoratzen dute lurraldeko leku bakoitzean, maitasunez eta esker onez".

"Ederra zen lanean ikustea, kontsulta liburu eta folio artean, zorrotz"

Ana Rosa Lopez Adan

Araba osoko ondare historiko eta artistikoa sakon aztertu zuen Portillak, eta herriz herri ibili zen, nekaezin, hitzaldiak emanez. Bera ezagutu zuten eta berarekin lan egin zuten lagunak biltzen ditu dokumentalak, euren diziplina profesionaletan erreferenteak eta adituak direnak, nahiz berak emandako eskolak jaso zituzten pertsonak edo hitzaldietara joan zirenak. Gainera, Arabako herri batzuetan egindako ekitaldien bideoak, argazkiak, oroitzapen pertsonalak, bere bulegoa eta liburutegian landu zituen liburuak eta jaso zituen sariak ere agertuko dira.

"Lanean zorrotza"

Portillarekin orpoz orpo lan egin zuen, esate baterako, Ana Rosa Lopez Adanek (Gasteiz, 1954), eta dokumentala ere bada horren lekuko. 30 urte baino gehiago egin zituen kolaboratzaile lanetan. Torres y casas fuertes de Álava obra egiten zebilela hasi zen berarekin lanean, idazlumarekin idatzitakoa idazmakinara pasatzen. "Ederra zen lanean ikustea, kontsulta liburu eta folio artean, bere beharrean horren zehatz eta zorrotz; eta, aldi berean, oso erraza zen berarekin lan egitea, beti lagundu eta animoak emateko prest. Oraindik faltan botatzen dut, oso bakarrik geratu nintzen. Bikaina zen".

Astebururo, Madriletik Gasteizera zetorren Talgoan gogoratzen du izeba Ibarrondok, ondoren etxean UBIko ikasketekin laguntzen zion garai hartan. "Pareko atean bizi zen, eta ondo gogoratzen dut etxean, ardotxo batekin, hartaz eta hontaz izaten ziren berriketaldietan. Plazera zen entzutea". Afalostean, berriz ere lanera bueltatzen zen, gogoko baitzuen gauez lan egitea.

Uztailean omenaldia egin zioten Micaela Portillari Fontechan. / AFA

Oroitzapen ugari ditu Ibarrondok, baita umetakoak ere. "Barraketara eramaten gintuela ere gogoratzen dut, eta urteroko prezioen arabera zehazten zuela berak guretzako paga ere, KPIaren antzera, kar-kar". Herriz herri egiten zituzten txangoak ere gogoan ditu, umeak bere ikerketa lanean "laguntzera" joaten zirenean. "Eta batez ere ondo gogoan ditut ematen zituen hitzaldiak, aho zabalik geratzeko modukoak; dokumentala egiten ari garela, askotan gogoratu didate herritarrek hori". Izan ere, azterlan eta argitalpen ugari egin zituen, baina horiek zabaltzeko hartutako lana ere nabarmena zen. "Ederra zen ikustea Micaela bazter batean, landa inguruan, handik igarotzen zen ibaiari edo zubiari buruzko azalpenak ematen. Nola bizi zuen eta nola kontatzen zuen; jendea harrituta uzten zuen", gogoratu du Lopez Adanek.

Historia gose amaiezina zuen, gertukoenek aipatu dutenez, eta beti zuen esku artean ikertzen jarraitzeko hari muturren bat. Pertsonaia historikoek inguratuta bizi zen, gau eta egun. "Aiala Kantzilerrarekin egon zela esaten zuen hari buruzko datu berriren bat edo irakurgairen bat topatzen zuenean, harekin beheko tabernan hizketan aritu izan balitz bezala", esan du umorez Ibarrondok. Eta antzeko pasadizoa ekarri du gogora Lopez Adanek: "Madrileko Artxibo Nazionalean topatu zituen Martinez Salinasen gutun liluragarri batzuekin ere izan zen garai batez, eta aitari esaten zion orduan ez zela Gasteizera etorriko Martinez Salinasekin zuelako hitzordua. Aitak gizon hori nor izango ote zen galdetzen zuen...".

Historia eraikitzen

Irakasle ikasketak, Filosofia eta Letrak eta Geografia eta Historia egin zituen. Irakaslea izan zen Arabako eta Bizkaiko zenbait herritan, eta Gasteiz, Cadiz eta Madrilgo irakasle eskoletan ere aritu zen. Sari zerrenda luzearen, besteak beste, 1993an EHUk honoris causa doktore izendatu zuen lehen emakumea izan zen.   

Arabako ondare historiko eta artistikoaren defendatzaile sutsua, azterlan andana egin zuen. Lan multzo oparoaren artean, Torres y casas fuertes en Álava, Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria (9 liburuki) eta Una ruta europea. Por Álava a Compostela nabarmendu dituzte Ibarrondok eta Lopez Adanek. "Berak oinarriak jarri ditu Arabaren historia eraikitzen jarraitzeko, dokumentalean denek gogoratu dutenez; substratu sendoak jarri zituen, gero hortik abiatuta lanean jarraitu ahal izateko, eta hori zen bere ametsa, handik beste hamaika ikerketa abiatzea". Beti laguntzeko prest zegoen, eta dozenaka ikasle gerturatu zitzaizkion etxera euren aztergai edo tesiekin laguntza eske. "Lucia Lahoz historialari ezagunak, esate baterako, maitasun handiz gogoratzen du dokumentalean; hasiera batean lotsatuta gerturatu zen tesiari buruzkoak galdetzera, eta hortik aurrera adiskide izan ziren", aipatu du Ibarrondok.  

"Ondarea bere testuinguruan jartzeko ahalegina egin zuen"

Juan Ibarrondo

Micaela Portillaren lan ibilbide guztian zehar garrantzia berezia dute bideek, kultura desberdinen eta mundua ikusteko modu askotarikoen arteko konektore moduan. Bide horretan zeuden jaiak, uraskak, gurutzadurak, pikotak... denak jasotzen zituen. Baina ez ziren zerrenda soil batean geratzen. "Berak ondare txikia nabarmendu egin nahi zuen, gaur egun ondare antropologikoa esaten zaiona. Egun ohikoa da ondarea modu honetan ulertzea, baina orduan ez hainbeste: bere testuinguruan jartzeko ahalegina egin zuen".

Eta inguruak zuen garrantziagatik, hain justu, artelanak bertan mantendu behar zirela uste zuen Portillak, museoetara eraman behar ote ziren debatea puri-purian zegoen garaian. "Artelana bere ingurutik eramaten zutenean, nolabait balioa galtzen zuela uste zuen, ezin ziren bereizi", nabarmendu du Lopez Adanek. "Eta asmo horrekin egiten zituen katalogoak; objektu bakoitza momentu hartan non zegoen eta zer ezaugarri zituen zehazteko, behintzat espoliazioa eta lapurreta zailagoa izan zedin". Kexaako erretaula izan da adibide aipagarrienetako bat Araban; XIV. mendeko artelana, Aiala kantzilerrak eraikitzea agindu zuena, 1913an Chicagoko Arte Institutuaren esku geratu zen.

Katalogatutako objektu horiek guztiak bere lekuan ezagutzen zituen Portillak. Bibliografietan aurkitutakoa ondo dokumentatuta behar zuen, eta hala ez bazen, nekez sartuko zuen. "In situ ikusi behar zituen, berak esaten zuen moduan, eta ez baldin bazegoen arkeologo edo herritarrei galdetzen zien. Seguru izan arte ez zuen jasotzen", gogoratu du Lopez Adanek. Bertatik bertarako lana egin aurretik, urteetako lana egiten zuen artxibategi eta liburutegi artean; eta ostean zetozen argazkiak, planoak, landa azterketa. Taldekideek lagunduta, bazter guztiak bisitatu behar zituen, eta soilik ondo dokumentatu ostean jarraitzen zuen hurrengo lanekin. "Baten batek esaten zuen Atilaren modukoa zela, berak zapaltzen zuen eremuetan ez zela berriro belarra hazten".

Eta txoko bat aukeratu behar balu?  Ziurrenik, Saratsu zatekeen. Bere sorterria izan zen, familiaren txokoa. "Gerra garaian hara bidali zuten gurasoek seguruago egongo zelakoan", aipatu du Ibarrondok. "Irakurtzen ordu ugari egiten zituen gertuko zuhaitz baten azpian, eta, han zegoela, gerra hegazkinek aztoratu egin zutela kontatzen dute bertako herritarrek". Trebiñu beti izan zen txoko kuttuna harentzat, denboraldi luzeak egin zituen han, eta Araba zela irmo defendatu zuen. "Beste kontu batzuen inguruan beharbada ez naiz bustiko, baina honetan argi dut zer pentsatzen zuen", azpimarratu du ilobak.

Aramaion irakasle

Arabako txoko gutxi utziko zituen bisitatu gabe. Bere lehendabiziko lanetako bat Aramaion izan zuen, Untzillan, 1944an. Maistra moduan izan zen, eta oraindik gogoratzen dute herrian. "Bere memoria gurasoetatik seme-alabetara pasa da, arrastoa utzi du; gaztelania irakatsi zien euskara bakarrik zekiten umeei, eta oroitzapen onak dituzte, beharbada elkar ez ulertu arren borondate onez egiten zuelako, eta aginte makilik gabe", dio Ibarrondok. Micaelak ez zuen euskara meperatu, baina kariÒoa zion hizkuntzari; bere eguneroko lanean aurkitzen zuen, eta babestu egiten zuen. "Umeek euskaraz idatzitako gabon-kantak etxera ekarri zituela gogoan dut, eta zer esaten genuen jakin gabe abestu genituela familian, gu ere erdaldunak baikinen".

Zalla (Bizkaia), Agurainen eta Gasteizen ere izan zen irakasle, eta Madrilen gero, hogei urte baino gehiago. Arabako ikuspegia galdu gabe, bestelako ikuskera bat eman zion Madrilek. "Beste ikertzaile askoren moduan, han geratzea erabaki zezakeen, baina Gasteizera bueltatzea erabaki zuen; astebururo etortzen zen, eta Arabako gaiak izaten zituen esku artean", esan du Lopez Adanek. "Nolabaiteko konpromisoa zuen bere herriarekin". 

Jakinmina berezkoa zuen, eta institutuak horri bide ematen lagundu zion, Lopez Adanek nabarmendu duenez. Han irakasle izan zituen, besteak beste, Herminio Madinabeitia, Javier Mongelos, Juan Ruiz de Escudero, Alfredo Tabar eta Felipe Diaz de Espada. "Behatoki astronomiko bat, mikroskopioa zuen laborategi bat, eta askoz ere maila handiagoko irakaskuntza eta jende bikaina ezagutu zuen".Eta bat-batean, dena desagertu zen, gerra hasita. "Bere ikerketa garaian bete-betean jo zuen frankismoak; ez zuen erraza izan", gogoratu du Ibarrondok. "Legeria guztia emakumea ezkontzeko bideratuta zegoen, eta, aldiz, garai hartako emakume tradizionala izateari uko egin zion modu batean. Unibertsitatean sartzea ia pentsaezina zen garai hartan, erabaki hori hartu zuen".

Berak hitz horiekin esango ez bazuen ere, Micaela Portilla "feminista" izan zela uste dute Ibarrondok eta Lopez Adanek. "Oso konziente zen emakumeak trabak zituela. Gizonen munduan borrokatu behar izan zuen, baina denek errespetatzen zuten; beharbada salbuespena izan zen", esan du ilobak. Emakumeen zituzten "zamak" ere ondo ulertzen zituela berretsi du kolaboratzaileak: "Oso gazte hasi nintzen berarekin lanean, eta ondo ulertzen zuen etxean genituen zamak, beti lagundu zidan horrekin. Askotan haurtxoarekin ondoan lan behar izan genuen; batzuetan estututa geunden, ezin genuelako dena egin, eta beti laguntzen zigun".

Bere jaiotzaren mendeurrenean, egindako lan guztia eta utzitako arrastoa gogoratzeko unea da. Besteak beste, omenaldia egin diote Orgazko kondeen jauregian, Fontechan, haren izena daraman lantegi eskolaren egoitzan; harrizko monolito batek haren irudia gogoratuko du aurrerantzean. Bibat museoan erakusketa paratu dute, eta urte amaieran helduko da dokumentala, asmo berarekin. "Ezagutu ez zutenek ezagut dezaten, eta behar duen lekua izan dezan aurrerantzean ere".

Micaela Portilla. / Eusko Ikaskuntza

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago