Iñaki Gabilondo omenduko du Festvalek

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 17:01

Iñaki Gabilondo kazetari donostiarra. / Festval

Carlos del Amor kazetariak eta Miguel Angel Muñoz aktoreak ere saria jasoko dute Gasteizko telebista jaialdian.

Irailaren 5ean hasiko den Festval jaiadiak, hainbat aurkezpen eta estreinaldirekin batera, Iñaki Gabilondo kazetariari omenaldia egingo dio aurten. EITB Saria jasoko du aurten, zenbait komunikabidetan kazetaritza-lana eginez eta defendatuz izan duen profesionaltasuna aitortzeko. 

"Une honetan, ezer gutxi gehitu dakioke bere ibilbide profesional bikainari. Aurpegi mediatiko maitatua eta entzuleek txalotua, kazetariak era guztietako gertakarien berri eman du, eta erreportaje amaigabeak egin ditu irratian eta telebistan, betiere kazetaritzako jardunbide egokien alde", azaldu dute antolatzaileek. Donostian jaioa, 21 urte besterik ez zituela hasi zuen bere ibilbidea irratiaren munduan, SER katearekin lotura handia zuen ibilbidea, eta han aurkeztu eta zuzendu zuen Hoy por Hoy, ia 20 urtez Estatu mailan erreferentziazko irratsaioa izan zena.

Era berean, Iñaki Gabilondok hainbat albistegi eta telebista-saio aurkeztu eta zuzendu ditu, bai maila nazionalean, bai autonomia-erkidegoan. ETBn, Trantsizioa eta demokrazia Euskadin dokumental saila 2012an aurkeztu zuen, edo Iñaki saioa, ostegunetan, 90eko hamarkadan. 

Ikus-entzunezko taldeak FesTVal jaialdian ematen duen hamargarren EITB Saria da, Euskadirekin eta EITBrekin lotura berezia duten telebistako profesionalen lana eta ibilbidea saritzen duen sari finkatua. Aurreko edizioetan EITB saria irabazi dutenen artean Anne Igartiburu, Pello Sarasola, Karra Elejalde, Karlos Arguiñano, Marivi Bilbao, Mikel Ayestaran, Ramon Agirre, Galder Gaztelu-Urrutia eta Alejandro Echeverria daude.

Constantino Romero saria

Carlos del Amor kazetari eta idazleak (Murtzia, 1974) Constantino Romero 2022 saria jasoko du, 2015ean FesTVal telebista jaialdiak sortua El Tiempo es Oro saioen aurkezle ezagunaren omenez. Del Amorren kazetaritza-ibilbidea RTVEri lotuta egon da beti, eta Telediarioetako informazio kulturalaren buru gisa duen begirada bereziagatik da ezaguna. "Poesiaz zipriztindutako errealitatea islatzen duten begirada biziak. Gainera, ¡Atención obras! Kultur espazioaren buru izan da La 2 Noticias saioan, eta No es un día cualquiera de Radio Nacional saioan kolaboratzaile gisa aritu da. Denboraldi honetan Las tardes de RNE’ saioan izango da.

AISGE Fundazioa saria, beste alde batetik, aurtengo edizioan Miguel Angel Muñoz aktoreak jasoko du (Madril, 1983). El palomo cojo filmean interprete gisa debuta egin zuenetik, dozenaka istorio interpretatu ditu, horietako asko telebistarako propio sortutakoak. Al salir de clase, Compañeros, Sin identidad edo edo Un paso adelante dira parte hartu duen fikzio katodikoetako batzuk. Gaur egun UPA Next telesailean parte hartzen ari da, Roberto Arenales dantzariaren rola berreskuratuz. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide