Gasaren BEZa %5era jaitsiko dute urritik aurrera

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 10:19

Hiru hilabetez %16 jaitsiko da zerga. KWON JUNHO / UNASPLASH

Hiru hilabetez indarrean egongo da beherapen fiskala, baina neurria luzatzeko aukera iradoki du Espainiako Gobernuak. 

Urritik aurrera gasari ezartzen zaion BEZa %21etik %5era jaitsiko dutela iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Abenduaren 31ra arte indarrean egongo da beherapen fiskala, baina Sanchezek dio neurria luzatzeko aukera egon litekeela.

Sanchezen arabera, "klase ertainaren mesederako" da neurria. "Gerraren ondoriozko ziurgabetasun handiko testuinguru batean gaude, baina ezin gara katastrofismoan erori", nabarmendu du Sanchezek SER irrati katean egindako elkarrizketa batean. Ziurtatu du negu honetan ez dela energia murrizketarik aurreikusten. 

Elkarrizketan Sanchezek erantsi du enpresa handiei zergak ezartzen ari zaizkiela "gerraren kostuen bidezko banaketa egiteko". Presidentea sinetsita dago neurria lagungarria izango dela prezioei eusteko. "Udazken eta neguan sartuko garenez, arrazoizkoa da berogailuaren faktura murrizten saiatzea", argudiatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago