Hamar artelan berreskuratuko ditu aldundiak

Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 16:21

1933ko eskola mapa gorde dute Leziñana Okan. AFA

Kultura sailak hamar arte ondasunen zaharberritzea diruz lagunduko du. Horien artean, iaz, agertu zen Nestor Basterretxearen 'Araba' eskulturaren esku hartzea egingo du Asparrengo Udalak.

Hiru mila euroko dirulaguntza lortu du Asparreneko Udalak, iaz, mendian aurkitu zuten Nestor Basterretxearen Araba eskulturak lehengo itxura berreskuratu dezan. Oro har, eskulturaren egoera ona da, baina kalte txiki batzuk ditu, grafitiak, pinturaz eginak eta tresna zorrotzez egindako ebakiekin; koska txikiak, marruskadurak, eta mendian egotearen ondoriozko deformazioak. Gainera, eskultura eusteko eta babesteko oinarriak berreskuratuko dira.

Konponketa hori Arabako Aldundiaren Kultura eta Kirol sailak ondasun historiko-artistikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko ebatzi duen diru laguntzen deialdiari esker egingo da. Hala, Basterretxearen obrarekin batera, beste bederatzi ondasun zaharberrituko dituzte
Horien artean, diru laguntza handiena San Vitorreko baselizan dagoen Kontsolazioko Ama Birjinaren erretaulak jasoko du. Gaunako administrazio batzarrak eskatu du, eta 20.894 euroko inbertsioarekin lagunduko du aldundiak. Erretaula barrokoaren egoera oso txarra da, eta degradazio-prozesuan dago, intsektu xilofagoen eraso handia jasan duelako. Bestalde, Birgara Goiengo batzarrak bertako guruztokiaren tenplete-sagrarioa berreskuratzea eskatu zuen, eta 18.150€euro lortu du. Kareharrizko obra da, XVI. mendekoa, baina elementu gotikoak ditu, eta apaingarri platereskoak.

Ana del Val Kultura diputatuak azaldu duenez, aurten askotariko proiektuak aurkeztu dira herrialde osoan: Eltziegoko ehun liturgikoak, Leziñana Okan gorde duten 1933ko eskola mapa bat, Bastidako Salazar eta Quilchano jauregiaren fatxadako armarria, Opakua herriko harrizko gurutzadura bat, Zuiako Oroko santutegiko Paduako San Antonioren eskultura, Aramaion duten Bixente Goikoetxearen eskultura, eta Markizen dituzten hilak eramateko ibiliak. Guztira, 76.295 euroko inbertsioa egingo du aldundiak lan horietan. Zaharberritzeko lanen inbertsioa, guztira, 103.718 euroko da, baina aldundiak %80ko ekarpena egiten du, eta gainerakoa administrazio batzarrek ordaindu behar dute.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide