Izkiko parke naturala zeharkatuko du lehenengo Izki Trail-ak

Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 10:59
21 kilometro egingo ditu lasterketak Izkin. /Alea

Apilaizko Gerardo Lopez de Gereñu plazatik abiatuko da lasterketa, 10:30ean.

Larunbatean egingo da Izki Trail lasterketaren lehenengo edizioa. Mendi lasterketa bat izango da, 21 kilometroko distantzia eta 700 metroko desnibelarekin, eta Izkiko parke naturalean eta haren inguruan egingo da osorik. Karrantan-Oskarbi kultura elkarteak antolatutako mendi lasterketen Arabako Koparen barruan dago Izki Trail, eta Vital Fundazioaren, Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren babesa du.

Azaldu dutenez, lasterketa honen helburua da naturagune babestu horren balioa eta ondarea eta haren ingurunea ezagutaraztea. Apilaizko eta inguruetako kokaleku erakargarrienak eta ezagunenak erakusteko diseinatu dute ibilbidea. Ibilbide horren %90 mendi bidezidorretan barrena doa, eta hiru gailur igotzen dira (San Kristobal, San Justi eta Ipurtika). Izkiranzko pistatik hasi eta balio ikaragarriko pagadiak zeharkatzen ditu. Eskalada maite dutenen paradisu batetik jarraitzen du, Apilaizko haitzetatik, gaztainondo eremuraino (gune hori arreta bereziz tratatzen ari dira, Europako funtsen laguntzarekin, eta bertan hazien banku bat dago). Ondoren, San Kristobal gailurrerantz igotzen da, Apilaizko presatik eta Carteroaren zidor ospetsutik igaroz. Oso lur bizkor batetik ibilita lauan, Izkiko parke naturalaren ikuspegi ikusgarriarekin, lasterketaren bigarren gailurrera iritsiko da, San Justira. Berriro ere Apilaiz norabidera joko dute, oraingoan mendi hegal lauan zehar eta bista ikusgarriak izango dira, probako azken igoerari, Ipurtikari, aurre egin arte.

Irteera eta helmuga Apilaizko Gerardo Lopez de Gereñu plazan egongo dira, 10:30ean. Izena emateko epea abuztuaren 1ean itxiko da, web orrian. Prezioa 25 euro da, eta 200 parte hartzaile egotea espero da. Argibide gehiago honekin batera doan dosierrean eta izkitrail.com web orrian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide