Forniqueer

Betiko karta-sortari hordagoa

Anakoz Amenabar 2022ko abu. 24a, 06:00

Elsa Ullmann eta Garazi Beramendi, Forniqueer karta-sorta eskuan. / A. Martinez de Luna

Karta-sorta tradizionala hankaz gora jarrita, eta hainbat kolektiboren ekarpenari esker, askotariko objektu eta pertsonaiak asmatu dituzte Forniqueer karta-sortan.

Udako bazkalosteko karta-joko amaigabeek itxura berria izango dute aurten. Ohiko ezpata, urre, kopa eta bastoia alde batera,  kondoia, usta, hileko-kopa edo artaziak topatuko dituzte kartazaleek. Garazi Beramendik eta Elsa Ullmannek izan dute burutazioa, partida eta partida artean. Monarkia, gerra edo kapitalismoa irudikatzen dituzten kartak atzean utzi, eta Forniqueer izeneko sorta prestatu dute. 

Karta-sorta tradizionala hankaz gora jarrita, eta hainbat kolektiboren ekarpenari esker, askotariko objektu eta pertsonaiak asmatu dituzte. "Norberak deskubritu beharko ditu, baina zenbait errealitate omendu nahi izan ditugu, eta gure bizitzan garrantzitsuak izan diren gauzak edo pertsonaia ilustreak ere ekarri nahi izan ditugu", azaldu du Beramendik. Besteak beste, LGTB kolektiboko pertsonaiak, Talka espazio feministari egindako keinua eta ezkutuan gordetako mezuak ere badituzte. Beraien bizitzetan arrazoi askorengatik erreferente izan diren lagunak, herriak, ideiak eta ohiturak omendu nahi dituzte kartekin.

Noiz sortu ziren, ordea, pertsonaia berriak? "Duela urte pila bat Frantzian poker kartekin joko tradizionalean ari ginela, erreginak erregeak baino botere handiagoa izango zuela erabaki genuen lagun artean... Eta, zergatik ez? Orain ere karta-sortari buelta eman nahi izan diogu", gogoratu du Ullmannek. Karta tradizionalak "oso barneratuta" dituztela nabarmendu du Beramendik, besteak beste, aitonetako batek Gasteizko Fournierren lan egiten zuelako, baina "irakurketa dibertigarriak" egiteko aukera ere eman dietela dio: "Oso queerrak izan daitezke zalduna edota txota eta beraien mugimenduak; are gehiago jaietan hezur-haragi ikusten ditugunean".

Eskulana

2018an izan zuten karta-joko alternatiboa egiteko ideia, baina lozorroan izan da orain arte, besteak beste, Covidak bertan behera utzi zuelako kartak ateratzeko Gasteizko Udalak eman zien laguntza. Lehenengo zirriborroa Ullmannek berak egin zuen, eta Xabier Beramendik osatu ditu ilustrazioak.

Hainbat joan-etorriren ostean, azkenik, 400 bat sorta atera dituzte. "Hauek banatu nahi ditugu, eta ondoren beharbada gurea den berredizio askeago bat aterako dugu", azaldu dute. Kartak lortzeko, besteak beste, Instagramen duten kontuaren bitartez –forniqueer– egin daiteke eskaera, eta Gasteizko Alde Zaharreko jaietan ere izango dira. "Garraxiren hurrengo mus txapelketan ikustea guay legoke!".

Askotariko pertsonaia eta objektuak ditu Forniqueer karta-sortak. / Alea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago