Araski uzteko erabakiaren atzean bi lan uztartzeko zailtasunak egon dira: emakumezko saskibaloiko elitea eta saskibaloitik kanpoko ogibidea. Izan ere, Pardok Enpresa Zientziak amaitu zituen 2010ean, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza 2012an. "Gorputzak 'nahikoa da' esan dit". Gasteizen hasi zen arren, Madril, Bilbo eta Irlandako taldeetan ere jokatu zuen saskibaloian, Araskira itzuli aurretik. Zortzi urtez jarraian jantzi du klubarekin elastikoa, sei urte elitean, eta elkarrekin hazi dira. Urte horietako gehienetan saskibaloia eta saskibaloitik kanpoko lana uztartu ditu. Ordea, azken lau urteak saskibaloian guztiz murgilduta eman ditu. Duela hilabete gutxira arte. Saskibaloitik kanpo lan aukera bat sortu, eta denboraldi amaierara arte bi ogibideak uztartu ditu: saskibaloia eta administrazioa. Horrek suposatutako ahaleginak eta nekeak eragin dute erabakia.
Agurtzeko prentsaurrekoa eman zenuenean atea ez zenuen guztiz itxi. Zer dela eta?
Egia da dena azkartu dela azken hilabeteetan. Apirilaren 13an partidan bertan hitz egin genuen, agian, Mendizorrotzean jokatuko nuen azken partida izan zitekeela. Partida amaitzean keinu txiki hori egin genuen, jarraitzaileei agur esaten. Hortik aurrera dena arrapaladan gertatu da. Litekeena da datorren denboraldian ez jokatzea, nire asmoa da saskibaloitik kanpo dudan lanean jarraitzea. Biak uztartzea ez da posible. Halere, ez dut aterik ixten, inoiz ezin duzu "inoiz ez" esan.
Atzera begiratuz, hamahiru urterekin hasi zinen, "berandu", zure hitzetan, emakumezkoen saskibaloi talderik ez zegoelako zure eskolan. Egoera aldatu al da?
Aldaketa asko egon dira, bai. Gaur egun neskek aukera dute saskibaloian jokatzeko talde batean, dela haien ikastetxeetan, dela Araskiko talde txikietan. Talde bat osatzeko hamar edo hamabi neska behar dira; hasi nintzenean ikastetxe handietan baino ez zen hori gertatzen. Bizilagun batek Unamuno ikastetxean jokatzen zuen, eta horri esker hasi nintzen bertan.
Azken urteetan Araskik egindako bideak eragin ote du aldaketa horretan? Agian eskaria igo da erreferente gertu bat izateagatik?
Nahiko nuke horrela izatea. Ez dakit hala izan den, baina seguruenik zerbaitetan lagundu du. Hori ere nirekin daramat erretiro honetan: neskatilek badituzte gertuko irudiak.
"Pausoak eman dira. Baina asko geratzen da oraindik. Asko, asko, asko..."
Zuk erreferenterik izan al zenuen txikitan?
Neskenak ez. Garai hartan ez zen ezer agertzen hedabideetan. Gurasoek saskibaloian jokatu izan dute, eta haiek kontatzen zidaten egiten zutena.
Hamabost urterekin Real Canoe klubera joan zinen, Madrilera, bakarrik, talde profesionalizatu batean jokatzera. Zer geratu zaizu esperientzia horretatik?
Ez zen batere erraza izan. Gasteiztik hiri handi batera joatea, bakarrik… Bertan ikasi nuen nire kabuz moldatzen: edozein arazoren aurrean nik bilatu behar nuen konponbidea. Maitasun handiz gogoratzen dut garai hura. Zaila izan zen ikastetxera egokitzea, hemen euskaraz ikasten nuelako, baina horretan laguntza jaso nuen. Urte zailak baina politak izan ziren.
Orduko taldekideentzat hitz onak izan dituzu.
Urteen joanarekin topatu ditudanean eskerrak eman dizkiet. Nagusien taldearekin egon nintzen, baina ez ninduten tratatu junior bat banintz bezala. Oso ondo portatu ziren, eta asko lagundu zidaten. Asko ikasi nuen.
Profesionaletan jarraitzeko aukera izan arren, Gasteizera itzuli zinen, ikasteko. Erabaki horretan zer pisu izan zuen saskibaloitik kanpo lan egiteko interesak, eta ze pisu saskibaloitik bizitzeko zailtasunak?
Hasi nintzenean saskibaloia ez zen profesionala, inondik inora. Abaroan jolasten nuen, eta zaletasuna zen. Maite dut saskibaloian jokatzea: nire bizitza da. Hala ere, argi nuen ikasi behar nuela. Gerora, Araskin, taldea haziz joan zen, eta ni harekin. Maila profesionalera heltzea ez da nik aurretik pentsatzen nuen zerbait, baizik eta ingurua aldatu ahala heldu zaidan zerbait. Saskibaloitik kanpo lanean ari nintzen kluba profesionalizatu zenean, eta urte batez uztartu nituen bi lanak.
Errealitatea beste bat izan balitz, zure kabuz erabakitzeko aukera izatea eskertuko zenukeen?
Seguru baietz. Beti izan dut argi ikasi behar nuela, baina, agian, ez nukeen lan egingo saskibaloitik kanpo. Hala eta guztiz ere ez naiz ezertaz damutzen. Pozik nago, askotariko egoerak bizi izan ditudalako. Saskibaloiaz bizitzeko aukera izan dut.
Azken lau denboraldiak jokalari profesional bezala bizi izan dituzu, ia oso-osorik, saskibaloian bete-betean sartuta.
Liberazio bat izan da. Aurretik nuen egoera jasanezina zen. Ez nintzen eginbehar guztietara heltzen: lanetik zuzenean entrenatzera, opor egunak hartu jokatzeko, bidaietatik itzuli eta berehala beharrera… Ahalegina egin nuen, baina ezin zen denboran mantendu. Klubak aukera eman zidan profesional bezala aritzeko, eta, pentsatu behar izan nuen arren, amets bat izan da hori egin ahal izatea: pozik egiten zaituen horretaz bizitzea harrigarria da. Eman dizkidan esperientziak ere ahaztezinak izan dira.
"Gure kontratuek irauten dute denboraldiek beste: sei edo zazpi hilabete"
Ametsen artean 2016. urtea aipatu izan duzu, Caceresen Lehen Mailara igo zinetenean. Zer suposatu zuen horrek?
Klubarentzat eta niretzat mugarri bat izan zen. Igotzeko fasera inolako itxaropenik gabe gindoazen; maletan galtza bakeroak eraman genituen kanporatzen gintuztenean parrandan ateratzeko, eta erabili gabe ekarri genituen bueltan. Merezi izan genuen, baina ez zen gure helburua.
Baina eliteko jokalari bezala itzuli zineten. Zure ametsetan eragin handia izan zuen horrek?
Klubak aurrerapauso bat eman behar izan zuen. Emakumeen Ligan jokatzea ezberdina zen: aurrekontua, bidaiak… Nire kasuan egoera berdina izan zen. Lanean nengoen, eta dudak piztu zitzaizkidan, ea biak bateratzeko aukera izango ote nuen. Beste urte batez uztartu nituen biak, eta, gero, saskibaloiaren alde egin nuen.
Zenbat kilometro egin dituzu pabiloi batetik bestera?
Uffff… Asko. Hori ere hobetu beharko litzateke: bidaietako baldintzak. Araskin asko zaintzen dute, baina dauden aurrekontuekin ez dago beste aukerarik: autobusean leku guztietara. Emakumezkoen 2. Ligan Galiziara egunean bertan joaten ginen, besteak beste. Pausoak eman dira, baina, esan bezala, asko dago hobetzeko: bidaiak, kantxak, aldagelak, soldatak...
Ezagutzen duzunetik, nola aldatuz joan da emakumezkoen saskibaloia?
Nahiko aldatu da, batez ere, esan bezala, txikienek aukera dutelako jokatzeko. Aukera behintzat badute; gero haien esku dago erabakitzea. Eliteko saskibaloia ere aldatu da. Aurretik adibide batzuk eman ditut. Gaur egun baliabide gehiago daude: entrenamendu saio gehiago, entrenatzaile eta teknikari prestatuagoak… Pausoak eman dira. Baina asko geratzen da oraindik. Asko, asko…
Eta jokalarien baldintzen kasuan?
Gaur egun kontratupean jokatzen dugu, besteak beste. Duela ez horrenbeste klub batzuk ez zizkieten kontratuak egiten jokalariei. Bide onean gaude, baina oraindik badu aurrera egitea, eta borrokan jarraitu behar dugu apur bat.
Kontratuen iraupena izan daiteke hobetu beharreko arlo bat?
Askok ez dakite, baina gure kontratuek irauten dute denboraldiak beste: sei edo zazpi hilabete. Gainontzeko bost hilabeteetan, edozein pertsona bezala, gastuak ditugu. Horregatik jokalari asko udan beste liga batzuetara joaten dira, edo bestelako lanak bilatzen dituzte. Horrez gain, ez dago gutxieneko soldata bat.
Futbolean profesionalizaziorako bidean ari dira, gutxieneko baldintzak aldarrikatuz.
Saskibaloian ere ari gara borrokatzen. Hala ere egoera hauek mantso doaz. Ea lortzen dugun Emakumezkoen Saskibaloi Liga profesionala izatea. Gaur egun ez da horrela hartzen. Ea instituzioek ere zerbait egiten duten, haiei ere baitagokie aurrera ematea pauso bat.
Kluben egoeraz gain, zaletuengan aldaketa sumatu duzu?
Bai, haienganako hitz onak baino ezin ditut izan. Behin etortzen direnean errepikatzen dute. Gure saskibaloia agian ez da gizonezkoena bezain ikusgarria, baina taktikoagoa da; aberatsagoa iruditzen zait, aldagai gehiagorekin. Jarraitzaileak beti egon dira gurekin, bidaietan ere. Pandemiarekin hori eten da. Pena. Ea egoera lehengoratzen den, eta pabiloian babesten gaituzten… Tira, lehen pertsonan hitz egiten dut oraindik. Deskonektatzea kostatuko zait, bai! (Barre egiten du).
Etorkizunera begira, saskibaloira beste modu batean itzultzea al duzu buruan?
Ikasi dut entrenatzaile izateko, bai. Esan bezala, kostatzen zait geldi egotea. Hala ere urrun ikusten dut. Esperientzia handia hartu beharko nuke oraindik, baina oraingoz urrun dago. Hala ere, saskibaloira lotuta jarraituko dut, baina ez dakit nola.
Denboran atzera egiteko aukera izango bazenu, dakizun guztia jakinda, zer esango zenioke Unamunoko taldera joan zen hamahiru urteko neskatilari?
Ufff… Esango nioke disfruta dezala. Ez dakit gertatu den zerbaitez damutzen ote naizen, egia esan. Esango nioke saskibaloia gustuko duen moduan bizi dezala, pasioarekin, eta gogor lan egin dezala nahi duen lekura heltzeko.