Beste bi egilerekin batera, La vida secreta de las palabras izeneko liburua idatzi du Peru Amorrortu Historia eta Filologia Klasikoko ikasleak (Gasteiz, 2000), gazteleraz erabiltzen diren hitz eta esaera askoren jatorria argitzeko. Sare sozialetan @EtimosDirectos kontuaren jarraipen bezala jaiotako proiektuak, beraz, mundu digital hutsetik paperezko mundurako jauzia egin du.
Zure kontaktua bilatzean, esperantoa ikasi zenuela ikusi dut. Oraindik praktikatzen duzu?
Jes, mi parolas esperanton ankoraǔ!
Bonege, kara samideano! Nork bere hizkuntza, eta bat guztiontzat. Zerk eraman zintuen esperantoa ikastera?
Batez ere arrazoi ideologikoengatik egin nuen. Hemezortzi urterekin, edo agian lehenago, esperantoa ikasten hasi nintzen. Hizkuntzari buruzko artikulu bat ikusi nuen, eta oso ideia ona zela iruditu zitzaidan. Esperantoa bat dator nire pentsamenduarekin: mundu guztiak eskura izatea hizkuntza neutral bat, hizkuntza desberdinetako hiztunek elkar komunikatu ahal izateko.
Mugimenduak ez al du indarra galdu azken urteotan?
Tira, orain Interneti esker gero eta jende gehiago dago esperantoaren inguruan, baina egia da Euskal Herrian bederen atzerakada bat nabaritu dela. Baina duela urte batzuk mugimendu garrantzitsua zegoen, baita Gasteizen ere.
Oraingoan esperantoagatik ez, atera duzuen liburuagatik baizik gatozkizu. Nola abiatu zen liburua egiteko prozesua?
Liburuaren zuztarra batez ere Twittereko @EtimosDirectos kontua izan da. Unibertsitateko klasekide baten institutuko proiektua zen hori. Batxilergoan zela, Shayma Filalik proiektuari ekin zion, Israel Villalba de la Güida irakaslearen laguntzaz, etimologiaren zabalkundea egiteko tresna modura. Nik unibertsitatean ezagutu nuen proiektua, eta bat egin nuen. Proiektua hazten joan da, eta jarraitzaile pila bat lortu ditugu. Horren haritik, La Esfera de los Libros argitaletxekoak gurekin kontaktuan jarri ziren, eta liburu bat idazteko eskatu ziguten.
Lan handia izango da...
Lan eskerga da, bai. Ez horrenbeste idazteko unean, hori entretenigarria badela esan daiteke. Baina latzena da gero egin behar den zuzenketa prozesua. Bestetik, informazio asko bildu behar da, iturriak bilatu... izan ere, ahalik eta dibulgazio zorrotzena egiten saiatu gara. Fundamentuzko hipotesiak eraman ditugu liburura eta, hori egin ahal izateko, ikerketa prozesu bat beharrezkoa da. Horrek ez du erabat bermatzen, noski, akatsen bat sartuko ez denik.
"Ahalik eta zorrotzena", diozu. Etimologian koinatukeria asko egongo da seguru aski. Zaila izan da egiaztatze lan hori?
Egia da herri etimologiak oso zabalduta daudela. Ez dakit zein idazleri irakurri nion euskaldunok bereziki gustuko dugula hitzen inguruan funtsik gabe espekulatzen ibiltzea. Baina hori hizkuntza guztietara zabaldu daiteke. Liburuan badugu, hain justu, kapitulu bat uste faltsu edo fake etimologiei dedikatuta. Bereziki zabalduta dauden zenbait teoria gezurtatzen edo zuzentzen saiatu gara. Izan ere, etimologiaren alorra, batzuetan, oso esparru labainkorra da. Sarritan ez da ondo ezagutzen hitz baten jatorria, edo prozesua ez dago behar bezala dokumentatuta, eta horrek espekulaziorako aukera ematen du. Guztiok dugu gustuko oso interesgarria den istorio bat kontatzea, bereziki hitz bati jatorri berezi bat aurkitzen zaionean; nahiz eta egiazkoa ez izan. Italiarrek dioten moduan, se non è vero, è ben trovato. Hori ahoz aho zabaltzen doa. Behin zabalduta, oso gaitza da ezeztatzea.
Bururatzen al zaizu etimologia faltsu hauetako bat?
Liburuan dagoen adibide bat emango dizut, Euskal Herriarekin harremana duena, gainera. Más solo que la una. Interneten bada zabalkunde nahiko handia izan duen teoria bat: horren arabera, esakune horren jatorria Gipuzkoan egon zen. Ondarretako udalerrian XIX. mendean Iñaki Launaguerregaray izeneko morroi batek bere burua aurkeztu zuen udalerri horretako hauteskundeetara. Baina garai horretan hauteskundeak nahiko ustelak ziren, eta morroi horrek boto bakarra lortu omen zuen: berarena. Istorio hau desmuntatzea nahiko erraza da. Ondarreta ez da udalerri bat, abizen hori ez da inon dokumentatzen, eta, gainera, ezinezkoa da XIX. mendean morroi batek Iñaki izena edukitzea, Sabino Aranaren Deun-ixendegi euzkotarra agertu baino lehenago, hain zuzen. Istorio horren jatorria arakatzeari ekin genionean, aurkitu genuen abiapuntua blog satiriko batean zegoela. Hau da, txantxetan idatzita zegoen zerbait, barre egiteko. Bada, baten bati bururatu zitzaion hori egiatan zela, eta handik zabaldu zen, egia bailitzan. Hortik sortu zen teoria fake hori.
"Fundamentuzko hipotesiak eraman ditugu liburura, ikerketa prozesu baten ondoren"
Eta aurkitu al duzue horren benetako jatorria?
Hizkuntzalari gehienek proposatzen duten hipotesia da esakune horrek aldaba jotzearekin zerikusia duela, ordu bata jotzen duenean kanpai hots bakarra entzuten delako. Baina, nire ustez, esakuneak ez du zertan erreferente zehatz bat izan behar.
Zer nolako harrera jasotzen ari da liburua?
Duela gutxi argitaratu bada ere, oso harrera ona izaten ari da. Irakurri duen jendeak esan digu gustuko duela, eta hedabideen aldetik ere hainbat elkarrizketa eskatu dizkigute, zuen kasuan bezala.
Bilaketa lan honetan, zein da zuri arreta gehien eman dizuna?
Zaila da aukeratzea; azken finean 2.000 berbatik gora sartu ditugu liburuan. Agian grazia gehien eman zidanetako bat izan da ikastea español hitza ez dela, nolabait esateko, gazteleraren ondare garapen bat, okzitanieratik hartutako mailegua baizik. Uste da latinezko hispaniolus gentilizioa dagoela abiapuntuan, baina dokumentatua dago gazteleraz agertu baino askoz lehenago okzitanieran erabiltzen zuten hitza zela. Eta berdina gertatzen da frantses izendapenarekin, hori ere okzitanieraren bitartez iritsi da.
Beraz, eta filologia klasikoan espezialistak bazarete ere, erromantze hizkuntzetan ere murgildu behar izan duzue...
Bai. Liburuan denetarik onartu dugu. Oinarria ondare klasikoa da noski, gu filologo klasiko garelako, baina denetarik jorratu dugu. Adibidez, arabiar jatorriko hitzek atal bat dute liburuan, erromaniari ere —ijitoen hizkuntzari— beste atal bat eskaini diogu, eta hizkuntza erromantzeek ere beste atal bat dute. Baita Ameriketan jatorria izan duten hitzak. Eta euskarak ere badu bere lekutxoa. Guzti-guztiak jasotzen saiatu gara.
Azoka, mesedez, joan pikutara... aukera ikusten al duzu egunen batean euskaraz ditugun hitz eta esamoldeen jatorri bitxian murgiltzeko?
Bai, zergatik ez? Liburuan gazteleraren kasua landu dugu, baina oso polita izango litzateke euskara ere jorratzea. Gainera, duela gutxi Euskaltzaindiak hiztegi etimologikoa argitaratu du, eta horrek bibliografia aukerak zabaltzen dizkigu.
Maila profesionalean, zeintzuk dira zure asmoak etorkizunerako?
Momentuz karrerako laugarren urtean nago, eta orotara sei urte dira. Printzipioz, nire asmoa da doktoretza egitea. Baina, tira, momentuz amai dezagun ahalik eta ondoen hasita duguna, eta gero ikusiko dugu mundu akademikoan aurrera egiteko aukerarik ote dagoen.
Doktoretza aipatu duzu. Ez dizut presionatu nahi, baina, ba al duzu ideiaren bat hori egiterakoan aukeratuko duzun ildoaz?
Gai zehatz bat aukeratzea zaila litzateke orain, baina, ildo bat aukeratzekotan, seguru aski hizkuntza klasikoen artean latina aukeratuko nuke. Ikerketa ildoari dagokionez, Erdi Aroko latinean zentratzea gustatuko litzaidake. Latinarena oso esparru zabala da, baina, Antzinaroko klasikotasunaren aldean, Erdi Aroko latina pixka bat mespretxatua izan da gehienetan.
Greziera oso berezia dela esaten da askotan. Benetan horrelakoa al da? Maitemindu behar gara grezierarekin?
Edozein hizkuntzarekin maitemindu gaitezke, bakoitzak bere xarma duelako. Formakuntzaren ikuspuntutik, filologia klasikoaren aldetik, komeni da bai latinarekin zein grezierarekin maitemintzea, biek harreman estua dutelako. Latinak asko edan zuen grezieratik, eta guk asko edan dugu bi hizkuntzetatik.