"Tapia Legean" iragarritako azken aldaketen kontrako protesta egin dute

Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 10:00

Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, dozenaka lagun bildu ziren larunbatean EAJren Gasteizko egoitzaren aurrean, Ingurumen Administrazioaren Legearen ondorioz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak beharrezkoa izateari utziko diola salatzeko.

Larunbat honetan EAJren Gasteizko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, Arabako Mendiak Aske plataformak salatu du Ingurumen Administrazioaren Legeari —"Tapia Legea"— beste aldaketa bat egingo zaiola.

"Lege horrek, ingurumen eragina duen edozein proiekturen baimen eskumenak gobernuan zentralizatzen ditu jada, eta, hala, beren lurraldeetako herri lurren gaineko eskumena duten udalak eta kontzejuak salbuesten ditu", kritikatu dute. "Eusko Jaurlaritzak, tokiko gobernantza kanpo uztearekin aski ez eta, orain, are gehiago urratzen du gobernuak berak lehentasunezko izendatutako proiektuek ingurumenean eragiten dituzten kalteak ebaluatzeko gaitasuna, ez baita beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa. Hau, diotenez, lurraldea pribatizatzeko orain arte planteatutako proiektuak arin izapidetzea lortzeko omen".

"Ezin dugu onartu salbuespen-egoera hori", ohartarazi dute. "Izapide hori alde batera utzi nahi bada, aurreikusitako proiektu horiek berez geldituko liratekeelako da, ez bailukete gaindituko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa. Gure salaketak beti izan dira aurreikusitako kokapenetan zentral horiek eragingo luketen eragin itzulezinak eragindakoak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide