⛅ EGURALDIA

Ostarte zabalak

Erredakzioa 2022ko uztailaren 29a

Ostarteak eta hodeiak tartekatuko dira datozen orduetan, baina joera orokorra eguzkiarena izango da. Batez ere igandean gora egingo dute tenperaturek.

Behe-hodeiekin hasiko dugu ostirala, baina arratsaldean ostarte zabalak irekiko dira. Goizean euria eta guzti egin lezake zenbait lekutan. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizean nagusiki iparraldetik joko badu ere. Joan diren egunetako joerari jarraiki, 12 eta 21 gradu arteko tenperatura espero da gaurkoan.

Asteburuan ere hodei batzuk izango ditugu, baina, oro har, zeru oskarbiak izango dira nagusi. Haizea ahul-bizi ibiliko da, eta batez ere igande arratsaldean gogorrago jo lezake. Termometroei dagokienez, gora egingo dute tenperaturek, batez ere igandean. Gasteiz erreferentzia gisa hartuta, larunbatean 12 eta 23 gradu artean mugituko da galinstanoa; igandean, 13 gradutan hasi eta 27 gradutara iritsiko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago