Hell Doradoren 20. urteurrena ospatuko dute irailetik aurrera

Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 12:00
Nikki Hill estatubatuarrak irekiko du programazioa, irailaren 3an. / Argazkia: HELL DORADO

Hogei urte igaro dira 2001ean Hell Dorado areto gasteiztarra sortu zenetik. 20. urteurrena ospatzeko kontzertu ugari antolatu dituzte irailaren 3tik urte amaiera arte.

Hell Dorado aretoak egitarau berezia prestatu du bere hogeigarren urteurrena ospatzeko, eta horren berri gaur goizean eman dute Estibaliz Canto Kultura zinegotziak eta Juan Uriarte aretoaren kudeatzaileak.

"Hell Dorado erreferentziazko aretoa bihurtu da Gasteizko gauetan, eta Penintsularen iparralde osoan. Gasteiztarrek talderik indartsuenak miresteko tenplua dute areto honetan, eta hiriko akustikarik onenetakoa du", aldarrikatu du Cantok. "Azken bi urteak zailak izan dira, guztiok dakigun moduan, baina Juanek eta bere taldeak berrasmatzen jakin dute, herritarrek dituzten ohitura berrietara egokituz. Kultura gastronomiarekin eta prestakuntzarekin uztartu dute, eta dibertsifikazio horren balioa nabarmendu nahiko nuke".

Programazio berezia irailaren 3an hasiko da, Nikki Hill estatubatuarraren blues, soul, rock'n'roll, rhythm and blues eta rockabilly soinuekin. Bigarren hitzordua hilaren 10ean izango da, The Diamond Dogs Suediako banda mitikoaren sleazy boogie rock and rollarekin eta Los Chill madrildarren glam rockaren eskutik.

Horrez gain, maila handiko beste bi ekitaldi izango dira irailean: hilaren 16an, III. Gasteiz Country Fest iritsiko da Sweet Country Boots elkartearen eskutik, eta Chisum Cattle CO eta La Rosa Negra taldeekin; hilaren 24an, AEBetatik Gasteizera helduko dira The Faithless eta James Leg.

Urrian, berriz, lau kontzertu izango dira: hilaren 1ean, Erresuma Batuko The Godfathers taldea arituko da The Peawees italiarrekin batera; 15ean, King Sapo eta Resaca Jackson izango dira aretoan, zuzeneko disko bat grabatzeko; 22an, Discípulos de Dionisos, Lie Detectors eta La Perra Blanco Trío taldeak igoko dira agertokira; azkenik, hilaren 29koa The Excitements eta Micky and the Buzzen gaua izango da.

Azaroaren 5ean, Dady Long Legs AEBetako taldeak zabalduko du hileko egitaraua, The Meanies australiarrekin batera. Hilaren 11n, Toundra eta Burilanen txanda izango da; 12an, Marka Makovsky izango da; eta 19an Marah (AEB) eta Split Squad (AEB) izango dira gonbidatuak.

Urtea amaitzeko, lau kontzertu iragarri dituzte abendurako: hilaren 3an, Ray Collins Hot Club Alemaniatik; hilaren 12an, The Soulbreaker Company eta banda lagunak; 24an, Elvez Christmas Show; eta hilaren 30ean, Rambalaya.

Oraindik beste ekitaldi batzuekin osatuko duten programazio berezi horretaz gain, Juan Uriartek 2023ko egitarauaren hitzorduetako bat aurreratu du: urtarrilaren 27an, Biznaga eta Bala taldeak arituko dira rock'n'rollaren Gasteizko tenpluan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide