Araiako antzerki jaialdia 25 herritara helduko da

Erredakzioa 2022ko abu. 12a, 09:43
Abuztuaren 12tik 15era ospatuko da aurtengo jaialdia. / AFA

Besteak beste, Els Joglars eta Xake taldearen lanak ikusi ahal izango dira Araian, abuztuaren 12tik 15era.

Bueltan da Araiako Umore Antzerki Jaialdia, aurten edukiera murriztu gabe, munduko hainbat txokotatik datozen antzerkia eta umorearekin. Beti bezala, Araia izango da topagunea, abuztuaren 12tik 15era, eta Arabako gainerako tokietako ohiko antzerki zirkuitua izango du lagun. Hilean zehar, guztira, 43 emanaldi izango dira, 25 herritan, 14 konpainiaren eskutik. "Antzerkia eta umorea berriro izango dira eragile gu biltzeko eta berriz ere barre egiteko. Inoiz baino gogo handiagoa dugulako barre egiteko. Barrea kutsatu egiten da, bai, baina sendagairik onena da", esan dute antolatzaileek.

Antzerki talde horietan, beti bezala, clown-a, antzerki fisikoa, zirkua, surrealismoa, musika, testu antzerkia, abangoardia eta umore dosi handiak izango dira askotariko gustuetarako programazioan konbinatuko diren osagaiak. Araian, Arrazpi Berri kiroldegiak ohi bezala hartuko ditu barnealdeko ikuskizunak, 22:30ean. Hilaren 12an, The One and the one clown bikote komikoarekin hasiko da, Colette Gomette & Anna de Lirium konpainiaren eskutik. Hilaren 13an, Fadoak entzuten zituen gizona euskarazko komedia izango da, Donostia saria irabazi zuen lana. Hilaren 14an, umorearen bidez hausnartu ahal izango dure ikusleek Las Aves lan sarituari esker, La Caloricaren eskutik, eta bukatzeko ez da faltako Els Joglars Kataluniako konpainiaren Que salga Aristófanes lanaren umore ganberroa. Emanaldi bakoitzak 15 euroko sarrera izango du, eta laurak 42 euro izango dira.

Era berean, urtero bezala, kaleko piezak egongo dira Araian. Bost lanez gozatu ahal izango da doan, herriko hainbat tokitan banatuta, aire zabalean: Maite Gebararen Qué buen día; Barsanti Teatroa konpainiaren Legea gu gara, euskaraz; Bidearen Amaieran, hura ere euskaraz, Hortzmugaren eskutik; Tartan Trocos Lucos-en eskutik, eta Orain Bi konpainiaren Mute. Aurten, gainera, abuztuaren 14an, jaialdiak lau emanaldi izango ditu kultura etxean, formatu txikiko ikuskizun batean: El Mono Habitado Gasteizko konpainiaren La Buena Letra, 5 euroan.

Sarrerak

Sarrerak eta abonuak abuztuaren 4an hasiko dira saltzen, www.jaraialdia.com web orriaren eta Entradium plataformaren bidez. Halaber, abuztuaren 4, 5, 8 eta 9an, 12:00etatik 14:00etara, Arrazpi Berri kiroldegian aurrez aurreko eta aldez aurreko salmenta egongo da. Ikuskizunaren egunean bertan, ordubete lehenago, eguneko ikuskizunaren sarrera ere erosi ahal izango da leihatilan.

Pieza ibiltariak

Biran egongo diren piezak herri hauetara ere iritsiko dira: Amurrio, Artziniega, Bernedo, Domaikia, Eltziego, Espejo, Izarra, Bastida, Lantziego, Laudio, Luiaondo, Maeztu, Manzanos, Okondo, Oteo, Pobes, Ribabellosa, Salcedo, Birgaragoien, Ekora, Zaitegi eta Zuhatzu Kuartango. Kaleko ikuskizunak Araian eskainiko dituzten bost konpainiek ere Araban egingo dituzte ibilbide horiek, eta beste lau gehituko zaizkie: Panoli Kabareta Ganso & Cía-ren eskutik; Por hacer un favor Trapu Zaharraren eskutik; KOBR3 Zirkozaurreren eskutik; Piensa en Wilbur Wilbur-en eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide