Adin guztietarako prestakuntza eta jolas eskaintza egingo du Ikas Vitalek

Erredakzioa 2022ko uztailaren 20a

Kordoi Etxean eskainiko dituzte aurrez aurreko jarduerak. / Alea

Musika eta zinema, artea, nutrizioa, emozioen kudeaketa edota trebetasun digitalak landuko dituzte.

Vital Fundazioak esperientzia handia du 55 urtetik gorako lagunentzako prestakuntza eta jolas-jarduerak antolatzen, baina orain pauso bat gehiago eman nahi du, eta edozein adinetarako eskaintza egingo dute. Hala, Ikas Vital proiektuaren bitartez, lehen denboraldian 29 ikastaro eskainiko dituzte: 1.300 plaza guztira. Mendi ibilaldiak eta hizkuntzak ikastea 55 urte baino gehiagoko jendearentzat mantenduko dituzte.

21 jarduera aurrez aurre emango dira Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea), eta beste zazpitan aurrez aurre edo online jarraitzea aukeratu ahal izango da, eta horietako bat, yoga, online baino ez da emango. Gehienak udako denboraldiaren ondoren hasiko dira, urriaren hasieran, +55 hizkuntzak izan ezik, horiek irailaren amaieran hasiko baitira.

Aurrez aurreko eskaintzak honako gai hauek hartzen ditu barne: Ekonomia, Legeria, Nazioarteko prentsa, Emozioak gorputzaren bidez kudeatzearen garrantzia, Erdi Aroko Historia, Euskal Herriko pinturaren jatorria eta bilakaera, +55 Hizkuntzak (ingeles hastapena eta bitartekoa, frantsesa eta euskara), irteera kulturalak eta abesbatza musikal baten parte izateko aukera.

Aurrez aurreko eskaintza osatzeko, gailu mugikorrei, aplikazioei eta bestelako teknologia batzuei buruzko ikasketen bidez eten digitala haustea helburu duen bloke bat antolatu dute. Multzo horretan, honako hauen artean aukeratu ahal izango da: Ikasi zure ordenagailua erabiltzen (oinarrizko maila), Internet bidezko kudeaketak eta erabilerak, Ikasi zure mugikorra eta ordenagailua babesten, Ikasi Android mugikorra erabiltzen, Oinarrizko trikimailuak zure mugikorrarekin argazkiak ateratzeko eta Mugikorreko GPSaren erabilera. Horiek guztiek 30 saioko iraupena dute. Filosofia, XIX. mendeko inperio kolonialak, Ongizatea eta nutrizioa, Ahots formak, Rockaren historia, Musika eta zinema eta Hego Amerikako artea ikasgaietan prestakuntza online edo aurrez aurre jarraitzea aukeratu ahal izango da. Ikastaroei buruzko informazio guztia www.fundacionvital.eus webgunean kontsulta daiteke gaurtik aurrera eta izena emateak irailaren 7an hasiko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago