⛅ EGURALDIA

Oneratze bidean

Erredakzioa 2022ko uztailaren 19a

Datozen orduetan nahiko zeru garbiak mantenduko diren arren, tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, eta haizeak giroa freskatzen lagundu dezake. Alerta laranja mantendu dute gaurkoz, baso sute arriskuagatik.

Zeru oskarbiak mantenduko dira astearte honetan, baina arratsaldean bero hodeiak agertu daitezke. Ez du ematen euria botako dutenik. Egunean zehar norabide aldakorreko haizeak joko du, nahiko ahul. Arratsaldean, ordea, bolada gogorragoak izan ditzake, eta giroa freskatuko du. Tenperatura maximoek nabarmen egingo dute behera: 16 eta 30 gradu arteko aldea espero da Gasteiz inguruetan. Ohi bezala, Arabako Errioxan bero handiagoa izango dute, 34 gradutara iritsira. Alerta laranja maila ezarri du Euskalmetek, baso sute arriskua mantentzen delako. 

Bihar are nabarmenagoa izango da aldaketa termometroetan: kasurako, 14 eta 23 gradu artean mantenduko dira Gasteizen, eta 14-27 gradu artean Guardian. Goiz garbia izango dugu, baina arratsaldean behe hodeiak agertuko dira. Haize ahul eta aldakorra izango dugu, arratsaldean dezente zakartu daitekeena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago