Etorkizuna ezin dela ahanzturaren gainean eraiki gogoratu dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko uzt. 18a, 19:47

Katedral berriaren aurrean egin dute elkarretaratzea. / Alea

Manifestu bateratua irakurri dute EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak taldeek katedral berriaren aurrean.

Aurten, 86 urte bete dira 1936ko uztailaren 18an egindako altxamendu faxistatik, eta hura gogoan izan dute EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak talde politikoek. "Altxamendu hark ekarri zuen 40 urteko diktadura, 40 urteko jazarpena, askatasunik eta justiziarik gabe. Eta gero, hamarkadetako ahanztura eta injustizia", salatu dute manifestu bateratuan Gasteizko katedral berriaren aurrean egindako elkarretaratzean.

86 urte igarota, "krimen horiengatik zigorgabetasunak" bere horretan jarraitzen duela gogoratu dute. "86 urte geroago, milaka pertsonak beren senideen gorpuen bila jarraitzen dute areketan eta hobi komunetan. 86 urte geroago, ez da egia osoa ezagutzen". Etorkizuna eraikitzeko, gainera, nazioarteko printzipioak bete daitezen eskatu dute: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. "Erakunde publikoei Errepublikaren legezkotasuna defendatu zuten pertsonen errekonozimendu juridiko, politiko eta soziala eskatzen diegu, baita pertsonen eta herrien askatasunaren alde frankismoaren, faxismoaren eta nazismoaren aurka borrokatu zirenena ere".

Egia, justizia eta erreparazioa

Nabarmendu dute, halaber, frankismoaren biktimen eta gizarte-eragileen "borroka nekaezinak" ahalbidetu duela bide horretan urratsak egitea, oroimenaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bila. "Euskal Herriak lehen urratsak eginak zituen erroldak, hobien mapak edo DNA bankuak egiten. Orain, azken lorpenak Memoria Demokratikoaren Legeak ekarri ditu. Lege horrek legez kanpokotzat joko ditu auzitegi frankistak, eta bertan behera utziko ditu haiek ezarritako zigorrak". Artxiboetara sartzeko aukerak, konfiskatutako ondasunak berreskuratzeko eskubideak edo diktaduraren biktimen bulego bat sortzeak aukera emango dute aurrera egiten jarraitzeko, azaldu dutenez. "Baina bide luzea dago oraindik egiteko. Egiaren aitortza partziala da oraindik, eta biktimarioak babesten jarraitzen dute".

Era berean, krimen frankistak gizateriaren aurkako delitu gisa epaitzeko ahaleginean etsiko ez dutela azpimarratu dute. Arabako erakundeei eskatzen diete, biktimekin lankidetzan, frankismoaren aurkako Arabako kereila abian jar dezaten, "nazioarteko instantzietara iristeko aukera emango duen bidea baita, justizia eta erreparazioa hori lortzeko".

Kezka ere agertu dute, 86 urte geroago, "ultraeskuin autoritario xenofobo, homofobo eta matxisten mugimenduak berpizten" ari direlako. "Orain, kezkaz ikusten dugu nola nahi duten, beste behin ere, betikoek krisia ordain dezagun. Mehatxu horren aurrean, abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikarrek defendatu zituzten baloreak nabarmendu nahi ditugu, pertsonen eta herrien askatasuna beti erdigunean jarriz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago