‘Botanical Frenzy’ erakusketa aurkeztu du Montehermosok

Erredakzioa 2022ko uzt. 18a, 10:12
Irailaren 11ra arte ikusi ahal izango da erakusketa. / Gasteizko Udala

"Kolonialismo botanikoa" izan du ardatz Bego Anton artista bilbotarrak.

2021eko deialdian hautatuko hirugarren proiektu artistikoa ikus daiteke egunotan Montehermoso kulturunean. Bego Anton artista bilbotarrak Botanical Frenzy lanean kolonialismo botanikoaren eta landare-itsutasunaren historia aztertzen du, "orkidea-sukarra" izenez ezagutzen den fenomenoaren bidez.

Sir Joseph Bank botanikariaren bidea jarraitzen du erakusketak; hain zuzen ere, 1798an eta Cook Kapitainaren HMS Endeavour ontzian bidaia luzea egin ondoren, Europan lehen orkideak sartu zituen Sir Joseph Bankek. Hor hasi zen "orkidea-sukarra", lore hau estatus sozialaren sinbolo bihurtuz, eta, ondorioz, britainiar dirudun askok orkidea ehiztariak bidali zituzten munduan zehar lore preziatu horiek lortzeko. Bego Antonek historia naturalaren mundu ezezagun hau argazkigintzaren eta sorkuntza artistiko garaikidearen bidez errepasatzen du.

Natura

Bego Anton Bilbon jaio zen, Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Argazkigintza Dokumentalean espezializatu zen Bartzelonan. Bere lana giza portaeran oinarritzen da eta naturarekin dugun inplikazio psikologiko eta moralari buruz hausnartzen du. Interes arrotzak dituzten talde txikiak ikertzeko kezka berezia ere badu, egia, errealitatea edo fantasia eta antzeko kontzeptuetan sakontzeko. Bere lana, besteak beste, New York Times, Nacional Geographic, Le Monde eta CNN Photos egunkarietan argitaratu da. Gainera, Suitzan, Islandian edota Alemanian egin ditu erakusketak. Halaber, 2017an PhotoEspaña errebelazio saria jaso zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide