Susto batean geratu dira Otogoieneko eta Karankako suteak

Erredakzioa 2022ko uztailaren 18a

Karankako sutea larunbat gauean piztu zen. E.U.
Araba alerta gorrian dago astelehenean ere, suteak izateko arriskuagatik. Uzta biltzea, barbakoak egitea edo su artifizialak edo petardoak botatzea debekatuta dago.

Mendiko hektarea bat erre da Gaubean, larunbat gauean, Karanka herritik bostehun metrora sortutako sute batean. Gasteizko udalerrian, Otogoien eta Otobarren artean, berriz, igande arratsaldean piztu da sua, zereal lursail batean, herritik oso gertu.

Sutea Otogoienen. ARABAKOSUHILTZAILEAK

Karankako sutearen kasuan, inguruko bizilagunek suhiltzaileei eta 112 zenbakira egindako deiei esker, sua itzaltzeko neurriak berehala hartu ahal izan ziren. Deia jaso eta hamabost minutura, Arabako Foru Suhiltzaileen kamioiak herrian ziren, eta ordu erdi batean sutea kontrolatuta zuten. Uzta makina batek sortu zuen sua, eta kalteak izan dira inguruko mendi txiki batean. 

Otogoieneko kasuan, sua herritik oso gertu piztu zen. Suhiltzaileak, nekazariak eta gainerako bizilagunak lanean aritu ziren sugarrak herriko baserrietara eta BordaBerri jatetxera irits ez zitezen, bertako terrazatik sugarrak oso gertu baitzeuden.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago