Eolikoen aurka, mendi ibilaldiak antolatu ditu Mendiak Askek

Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 15:44
Zentral eolikoak jartzeko aukeratu dituzten zenbait txoko bisitatuko dituzte. / Alea

Hilaren 23an izango da lehendabiziko mendi martxa, Aramaion.

Arabako Mendiak Aske elkarteak hasiera emango dio Maite duzuna zaindu ezazu kanpainari. Mendi ibilaldiak egingo dituzte enpresek zentral eolikoak ezartzeko aukeratu dituzten mendikateetako batzuetan zehar. "Era honetan, jarraipena eman nahi diogu empresa transnazional horiek baliabide naturalak ustiatuz eta biodibertsitatea arriskuan jarriz, beren teknologia instalatzeko bereganatu nahi dituzten mendiak ezagutarazteko asmoari", azaldu dute.

Lurraldeko herritarrak ohartarazi nahi dituzte leku esanguratsu horiek "kolonizatzeak" ingurumenean eragingo lukeen kalteaz. "Aurrekaririk gabeko krisi ekosozialeko une honetan, elite baten onurarako baliabide naturalak agortzen dituen hazkunde mugagabeko eredua biosferaren berriztapen ekologikorako eta jarraipenerako gaitasuna suntsitzen ari da", salatu dute ohar batean. "Horregatik diogu energia ekoizteko megaproiektu berriak behin eta berriz plazaratzeak Jaurlaritzaren egungo ordezkariek lagundutako eskrupulurik gabeko konpainien epe laburreko interesei baino ez diela mesede egiten". Kanpaina honekin zentral eolikoak jartzeko enpresa energetikoek aukeratu dituzten mendiak ezagutarazi nahi dituzte, "ezagutzen ez dena ezin baita defendatu". 

Aramaion hasiko da

Hilaren 23an izango da lehendabiziko mendi martxa, Aramaion. 09:00etan abiatuko da herriko frontoitik, eta Kurtzeta, Durakogain, Ganborralde, Asensio Mendi eta Azkua igaro ostean, berriz ere, Aramaiora helduko da.

Abuztuaren 20an Azazetan egingo dute ibilaldia, irailaren 10ean Orozkon, irailaren 24an Cantoblancon, urriaren 29an Amurrion, eta azaroaren 26an Gasteizen egingo den elkarretaratzearekin amaituko dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide