Suteak

Gaur ezingo da uzta bildu 13:00etatik 21:00etara

Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 12:24
Murrizketak eta debekuak aktibatuko ditu Jaurlaritzak suak ekiditeko. / Alea

Debekua egunero berrituko da, eguraldiaren iragarpenen arabera, eta ez betetzeak 30.000 euroko zigorra ekar dezake.

Bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta herrialde osora heda daitekeela ikusita, Jaurlaritzak hainbat murrizketa eta debeku ezarri ditu arrisku larria eragin dezaketen jarduera eta erabilera batzuetarako, batez ere landa-ingurunean eta landa-lurzoruan.

Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alerta laranja egoeran debekatuta egongo dira honako jarduerak, egunero ezarriko diren ordu-tarteetan:

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza eta baso eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
  • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Debekatuta dago halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.

Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alarma gorriko egoeran: aurreko murrizketa guztiak eguneko 24 orduetan egongo dira indarrean.

Eguneroko ebazpenak

Gaur ostirala, uztailak 15, murrizketak 13:00etatik 21:00etara egongo dira indarrean Araban. Gaurtik hasita eta egunero Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ebazpen publiko bat emango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremu bakoitzeko egoera eta murrizketen ordutegia eguneratzeko. Ebazpena hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hala, gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste "larritzat" edo "oso larritzat" jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.500 eurotik 30.000 eurora arteko isunak daude. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide