Araban da Euskarabentura espedizioa

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 12:50

Euskarabentura espedizioa Nafarroatik Arabara iritsi da igande honetan, eta bertan izango da ostegunera arte: Añanako Gatz Harana bisitatu ostean, Argantzon, Gasteiz eta Araiatik igaroko dira, besteak beste.

Uztailaren 1ean hasi zen Euskarabentura espedizioaren orain arteko ediziorik jendetsuena. Hilaren 31ra bitartean, 16 eta 17 urteko 128 gaztek euskararen lurraldea zeharkatuko dute oinez, baita Araba ere. Mauletik Getxora 31 etapa eta 700 kilometroko ibilbidea egingo dute guztira.

Igande honetan, hilaren 10ean, Arabara iritsi dira jzioquitarrak, 10. etapan Nafarroa Garaia atzean utzita: 20 arabar, 37 bizkaitar, 37 gipuzkoar, 7 lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko bat; kamiseta laranjadun gazteekin batera, urdinez jantzitako 30 lagunen lantaldea doa.

Aurreko bost egunak Nafarroan barrena eman dituzte, Donejakue bide frantsesak markatzen duen 103 kilometroko ibilbidearen zati bat osatuz; orotara, 150 kilometro baino gehiago egin dituzte jada Mauletik atera zirenetik.

Goizean goiz abiatu dira Lizarratik, autobusez, Donemiliaga Kukula (Errioxa) herriko Yuso monasterioa bisitatzeko. Gazteek Jzioqui dugu! leloaren zentzua ulertu dute, bertan baitago euskaraz idatzitako inoizko esaldirik zaharrena; hain zuzen ere, monasterioan gordetako latinezko liburu batean topatu zuten, bazter batean ohar edo glosa modura idatzirik. Adituen arabera, 1000. urtean idatzi ziren Donemiliagako Glosak, eta, esanahia guztiz argi ez badago ere, "Piztu dugu" izan liteke itzulpen fidelena.

Bazkalostean, autobusez iritsi dira Añanara. Herrian, gatzagen paisaia eta historia bertatik bertara ezagutzeaz gain, Juan Carlos Medina alkatearen eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariaren harrera jaso dute. Gaua Añanako igerilekuko belazean igaro du espedizioak, izarrak behatzen eta konstelazioak identifikatzen, eta goizean

Ostegunera arte izango dira Araban, hilaren 14an irtengo baitira Lautadatik, Gipuzkoara bidean. Añanako Gatz Harana bisitatu ostean, Argantzon, Gasteiz eta Araiatik igaroko dira, besteak beste. Horretarako, Barnealdeko Donejakue bidea jarraituko dute gure lurraldean, baina kontrako norabidean, ipar-mendebalderantz.

Ibilbidea

Hilabeteko ibilbidean 35tik gora herri eta hiritik igaroko da espedizioa, tartean Arabatik, uztailaren 10etik 14ra bitartean:

  • Uztailak 10: Lizarratik Donemiliaga Kukulara. Yuso eta Susoko monastegiak bisitatu Errioxan (euskaraz idatzitako aurreneko glosak), eta handik Añanara, autobusez. Araban sartu bezain pronto, Añanako Gatz Harana ezagutuko dute.
  • Uztailak 11: Añanatik Argantzonera (18 kilometro). Arabako Foru Aldundiko ordezkarien eta Añanako alkatearen bisita instituzionala.
  • Uztailak 12: Argantzonetik Gasteizera (17 kilometro).
  • Uztailak 13: Gasteizetik Araiara (18 kilometro). Bertso-rap saioa.
  • Uztailak 14: Araiatik Zerainera (21 kilometro). Gipuzkoan sartuko dira San Adriango kobazulotik. Ondoren, afari mundiala Zeraingo herritarrei esker.

Egun horietan, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura ondasun eta ondasun historiko zein kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide