Uda honetarako proposamena: 'arnasing'-a

Juanma Gallego 2022ko abu. 11a, 06:00

Zaila da gurea bezalako lurralde txiki batean horrenbeste paisaia eder topatzea. ALEA

Azken mendeotan Homo sapiensaren bizi itxaropena biderkatu den arren, bizitza laburregia da pantailatxo baten aurrean galtzeko. Alabaina, edozein une aproposa izan daiteke bueltatxo bat eman eta haizearen ufada aurpegian sentitzeko. Sinetsi ala ez, begiak ondo ireki eta paisaia baten aurrean arnas sakona hartzea baino gauza terapeutikoagorik ez dago.

"Paisaia ederrak ikusteak begi ederrak egiten ditu". Bidaia aldizkari ezagun batek agertzen zuen leloa zen. Txinatar esaera zaharra omen. Ez ba. Ia beti bezala, txinatar esaera baino, txinatar ipuina zen atribuzioa. Baina berdin dio. Oinarrizko irakaspena bere horretan mantentzen delako: edertasunaren bila abiatzea ederra da berez. Edertasuna zehazki zer den, norberaren kontu.

Esaera apokrifo hori guztiz egia balitz, 1985eko ekaineko National Geographicen azalean agertu zen neska afganiarraren begiak hutsaren hurrengoak izango lirateke arabarron begien parean. Zaila delako gurea bezalako lurralde txiki batean horrenbeste paisaia eder topatzea. Paisaia kulturalak ez aipatzearren. Hain egunerokoak izateagatik suposatutzat ematen dugu hor daudela, eta bihar ere egongo direla. Baina jakina da faktore askok arriskuan jar ditzaketela paisaia horiek. Eta, inongo prentsa oharretan agertuko ez bada ere, agian aurrean duten arrisku handiena axolagabekeriarena da.

Ahaztu ez daitezen, zortzi lagunengana jo dugu beren gaurko begiak atzokoak baino politagoak egiten dituzten paisaien inguruan hitz egin diezaguten. Eta hala egin dute. Bihartik aurrera proposamen horiek argitaratzen joango dira Ezagutu gertukoa atalean, eta aurreko urteetako proposamenak ere hor daude. Gozatu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago